Euskal Herriko Unibertsitateak eta Euskaltzaindiak bederatzigarrenez banatuko dituzte euskarazko tesien Koldo Mitxelena sariak, eta hara aurkeztu diren 57 tesiren artean, Iñaki Iurrebasorena nabarmendu dute, beste lau ikertzailerenarekin batera. Errezilen bizi den soziologo eta ikertzaileak Gizarte eta Lege Zientziak alorrean eskuratu du saria, dagoeneko soziolinguistikan mugarri bihurtu den Hizkuntza gutxituen jarraipena, ordezkapena eta indarberritzea neurtzeko demolinguistikazko tresna metodologikoak garatzen. Euskal Herrirako aplikazio praktikoa tesiari esker. Saridun guztiek diploma bana eta 3.000 eurona jasoko dituzte, hilaren 30ean EHUren Bilboko Bizkaia aretoan egingo duten ekitaldian.
Euskarazko ikerketa bultzatzeko asmoz antolatzen dituzte EHUk eta Euskaltzaindiak Euskarazko Tesien Koldo Mitxelena sariak, eta aurten, lehenengoz, Euskal Herriko Unibertsitateak ez ezik, beste unibertsitateetara ere zabaldu dute deialdia. Horrenbestez, aurten guztira 57 tesi aurkeztu dira sarietara: Artea eta Giza Zientziak arloan, 15 tesi; Ingeniaritza eta Arkitekturan, lau tesi; Zientzietan, hamar tesi; Osasun Zientzietan, 11 tesi; eta Gizarte eta Lege Zientzietan, 17 tesi.
Iurrebasorekin batera, honako lau ikertzaile hauen tesiak saritu dituzte aurten: Isabel Etxeberria Ramirez (Artea eta Giza Zientziak), Alexander Gallarreta Canteli (Ingeniaritza eta Arkitektura), Usue Olatz Aspiazu Iturbe (Zientziak) eta Ion Iñaki Zendoia Beaumont (Osasun Zientziak).