Bi aste eskas gelditzen dira San Martin egunerako, eta Errezilen irrikatan dira beren herriko jaiak ospatzeko. Aurten, baina, San Martin egunak bat egingo du etxebizitza, prekarietatea eta eskubideen alde deitutako greba orokorrarekin. Errezilgo Festa Batzordeak honakoa adierazi du greba deialdia dela eta: "San Martin eguna jaieguna izan ohi den arren, aurten ez dugu festetako ekintzarik izango. Sindikatueek etxebizitza eskubidearen alde deitutako greba orokorrarekin bat egitea erabaki du festa batzordeak. Herritar guztiontzako oinarrizko eskubidea dela uste dugu, eta halako mobilizazio deialdi bat egonik Euskal Herrian, bat egitea tokatzen zaigu".
Herriko zaindariaren egunerako ekintzarik antolatu ez badute ere, lau eguneko jai egitaraua ondu dute sanmartinetarako. Jaietako egitarau ofizialetik kanpo, bihar, ostirala, pintxo poteoa eta futbolin txapelketa egingo dituzte Borondegin. Aurrena, gaztetxoen txapelketa jokatuko dute, eta ondoren, helduena. Bihar bertan eman beharko da izena bi txapelketetarako, eta elduek 5 euro ordaindu beharko behar dute. 22:30ean, berriz, Trikigiro kultur elkartearen Ostiraltxo egitasmoko erromeria izango da, taberna horretan bertan.
Azaroaren 13an, ostiralez, hasiko dira Errezilen sanmartinak ospatzen. Txupinazoa iluntzean botako dute herrian euskara ikasten ari diren zenbait ikaslek (20:00), baina aurrez, umeen jolasak eta herriko trikitilarien kalejira izango dira. Txupinazoaren ondoren, gaztetxoen dantza emanaldiak izango dira, eta 21:00etan, Gaztetandik kultur elkarteak eskainitako herri afaria. Bihartik azaroaren 10era bitartean erosi ahal izango dira afari horretarako txartelak Letean, Borondegin eta dendan. Helduen mezuaren prezioa 25 eurokoa da, eta umeena, 12,5 eurokoa. Eguna amaitu aurretik hasiko da, bestalde, Iratzar taldearen erromeria, eta haien bueltan energia guztia xahutu ez eta gaupasa egiten dutenek argazkia aterako dute, zapatuko 07:00etan.
Azaroaren 14an, larunbatez, bertso bazkaria eginda berreskuratuko dituzte berriro indarrak Errezilen. Letea jatetxean egingo dute bazkari hori, Nerea Ibarzabal nahiz Maialen Lujanbio bertsolariekin, eta Julen zein Erkizi trikitilariekin (14:00). Bazkarian parte hartu nahi dutenek 28 euro ordaindu beharko dute; bihartik azaroaren 10era izango da txartela eskuratzeko aukera Letean, Borondegin edota dendan. 16:30ean, berriz, Go!azen telesailaren hamahirugarren denboraldiaren estreinaldia egingo dute, Borondegin. Iluntzean ere izango da jan-edanerako tarterik Errezilen, Euskal Parrilakoek eskainitako sagardo eta pintxo dastaketa egingo dute-eta (20:30). Gaztetandik kultur elkarteak, gainera, sagardoaren bueltako berrikuntzak iragarri ditu, nahiz eta horiei buruzko xehetasunik ez argitu. 200 bat lagunentzako muga ezarri du festa batzordeak otordu horretarako, eta ordurako txartelak bihartik azaroaren 10era arte izango dira eskuragarri, ohiko lekuetan. Haurrek 7 euro ordaindu beharko dute dastaketarako, eta helduek, 15 euro. Obaneuke taldeak 23:00etan eskainiko duen kontzertuarekin itxiko dute zapatuko eguna.
Azaroaren 15a, igandea, kirolari lotutako eguna izango da Errezilen. 11:00etan, umeen kros herrikoia egingo dute Errezilgo kaleetan zehar. Ohi bezala, mailaz maila banatuta jokatuko dituzte lasterketak, eta parte hartu nahi dutenek azaroaren 12ra arteko epea izango dute izena emateko; errezilgofestak Instagram kontura bidali beharko dira haurren izen-abizenak eta haren jaiotza urtea. Kirol proba horiek amaitutakoan, Akerra eta Sagarra erraldoiak aterako dituzte kalera, eta kalejiran ibiliko dira bazkalordura arte. 17:00etan, berriz, beti ikusmina piztu ohi duen hitzordua izango da herriko plazan: Errezilgoek Asteasukoen aurkako herri kirol erronka jokatuko dute.
Hiru eguneko jai egitarauaren ondoren, azaroaren 22an izango dira Errezilen sanmartinei lotutako azken ekintzak; Jubilatuen Eguna ospatuko dute orduan. 11:00etan, herriko animalien erakusketa egingo dute Gaztetandikek antolatuta, eta 13:00etan, meza izango da. 14:30ean, berriz, jubilatuen arteko bazkaria egingo dute Borondegin. Ohi bezala, udaletxean eman beharko da izena jubilatuen bazkarirako, azaroaren 16a baino lehen. Arratsaldean, berriz, umeentzako puzgarriak eta paintballa izango dira.
Adin eta gustu guztietako lagunentzako ekintzak izango dira Errezilen datorren hilean. Hona hemen egitaraua, osorik:
Azaroak 11, asteazkena, San Martin Eguna
- A11 Greba Orokorra (Euskal Herrian etxebizitza, prekarietatea eta eskubideen aldeko greba orokorra)
Azaroak 13, ostirala
- 16:30. Ume jolasak.
- 19:00. Herriko trikitilarien kalejira.
- Ondoren, txupinazoa euskara ikasleen eskutik.
- 20:00. Gaztetxoen dantza emanaldiak.
- 21:00. Herri afaria Gaztetandikek eskainita.
- Ondoren, Iratzar taldearen emanaldia.
- 07:00. Gaupaseroen argazkia.
Azaroak 14, zapatua
- 14:00. Bertso bazkaria, Letean: Nerea Ibarzabal eta Maialen Lujanbio bertsolariekin eta Julen eta Erkizi trikitilariekin.
- 16:30. Go!azen telesailaren hamahirugarren denboraldiaren estreinaldia, Borondegin.
- 20:30. Sagardo eta pintxo dastaketa, Euskal Parrillaren eskutik.
- 23:00. Obaneuke taldearen emanaldia.
Azaroak 15, igandea
- 11:00. Umeen kros herrikoa.
- Ondoren, kalejira erraldoiekin.
- 17:30. Herri kirol erronka: Asteasu vs Errezil
Azaroak 22, igandea, Jubilatuen Eguna
- 11:00. Herriko animalien erakusketa.
- 13:00. Meza.
- 14:30. Jubilatuen bazkaria, Borondegin.