Aitzol Apalantza: "Txapelketak uzteko gogoa daukat, baina ez laugarren txapelik gabe"

Aitziber Arzallus

Aitzol Apalantza pilotua eta Virginia Reguero kopilotua, irailaren 12an, Aramaioko rallysprinta bukatu berritan. (Goiena)

Pilotu errezildarrak hirugarren aldiz irabazi du Euskadiko Rallyspint Txapelketa. Aurtengoan erraz jantzi du txapela, azken lasterketan parte hartzeko beharrik gabe. Lorpenarekin gustura, bukatzear den denboraldiaz eta datorrenerako dituen asmoez jardun du Gukarekin.

Urriaren 31n Elgetan (Gipuzkoa) egingo duten Intxortako Rallysprintarekin bukatuko dute aurtengo Euskadiko Rallysprint Txapelketa, baina dagoeneko txapelak badu jabea: Aitzol Apalantza (Errezil, 1991). Joan den asteburuan Elgoibarko (Gipuzkoa) Rallysprinta irabazita, matematikoki txapeldun bihurtu zen pilotu errezildarra. Ez du lehendabiziko Euskadiko txapela, ezta bigarrena ere; hirugarrena du. Lorpenarekin "oso pozik" azaldu da, baina zer den garaipen gosea, aurtengo denboraldia bukatzerako hurrengoan jarria baitu begirada, eta finkatua baitu helburua ere. Gukari aurreratu dio zeren bila aterako den errepidera.

Azkenaurreko jardunaldian jantzi duzu hirugarren Euskadiko txapela. Denboraldia nola joan denaren seinale al da hori?

Baietz esango nuke. Orain arteko denboraldirik onena izan da: golperik batere ez dut hartu, eta jokatutako 11 lasterketetatik bost irabazi ditut, beste lautan podiumera igo naiz, behin bosgarren egin dut eta behin autoa matxuratu zait.

Ez dira nolanahiko zenbakiak...

Ez nago kexatzeko moduan. Luzea izan da aurtengo denboraldia, aspaldiko luzeena, txapelketan hamar lasterketa jokatu baititugu. Horietatik bi baztertu behar izaten ditugu, eta emaitza onenak lortutako zortziak hartzen dira kontuan sailkapenerako. Batean ezin izan nuen parte hartu lagun baten ezkontza izan nuelako, eta azkenekoan ere ez dut parte hartuko, dagoeneko txapela gurea delako. Txapelketatik aparte, beste proba batean parte hartu dut, abuztuaren bukaeran, Lesakan [Nafarroa], eta hori ere irabazi egin dut.

Emaitza horiekin erretiratzeko aitzakiarik ez daukazu...

Ezta asmorik ere. Rallysprinten txapelketaren historian, garaipen gehien dituztenen artean, bost pilotu daude Euskadiko hiruna txapelekin; horietako bi azpeitiarrak dira, gainera: Jokin Agirre eta Joxe Labaka. Aurtengo txapelarekin horien parean jarri naiz, eta orain laugarrena nahi dut, sei askotxo baikara hor egoteko.

2023an eta 2024an irabazi zenituen aurreneko bi txapelak, baina iazkorik ez duzu. Aurtengo garaipenak balio izan al dizu iazko arantza ateratzeko?

Bai. Bi txapel irabazi eta gero, iaz horrexen bila joan nintzen, baina kontrario gogorra atera zitzaidan Gorka Idigoras. Oso txapelketa estua izan zen, Elgoibarko azken lasterketara aukerekin ailegatu nintzen, baina ezin izan nuen, eta arantza handi samarra gelditu zitzaidan hor.

Irabaztera ohituta zaudetenok zeuen lekuan jarriko zaituzte ustekabean horrelako kolpe bat hartzeak, ezta?

Guztiz. Momentuan bertan huts egin izanaren sentipena izan nuen, baina egia esan ez zidan asko iraun. Neure buruari esan nion egoerari buelta eman beharra neukala, eta motibatzeko balio izan zidan. Iazko akatsa izan zen, rallysprinten txapelketan ez ezik, rallyenean ere parte hartzea, eta ikusi nuen biak irabaztera joatearen arriskua dela bat bera ere ez irabaztea.

Datorren urtean aurtengo estrategiari eutsiko diozu hortaz...

Bai, noski. Gogoa daukat txapelketak alde batera utzi eta Espainian egiten diren lasterketa solteetan-eta parte hartzen hasteko, baina horretara jarri aurretik, laugarren txapela nahi dut.

Apalantza, aurtengo denboraldian hainbatetan alokatu izan duen autoarekin, Aramaioko rallysprintean. (Goiena)

Aurretik hainbat kopilotu izan dituzu, baina azken lasterketetan Virginia Reguero joan da zure alboan, eta emaitzak ikusita, ondo moldatu zaretela ematen du. Pilotu batentzat zenbaterainoko garrantzia du kopilotuarekin ondo ulertzeak?

Batekin eta bestearekin ibilitakoa naiz, bai, eta aurten ere, denboraldiko lehen lasterketetan kopilotu bat baino gehiago izan ditut. Azkenaldiko proba gehienak, ordea, sei edo zazpi, Virginiarekin egin ditut, eta nola moldatu garen ikusita, aurrerantzean ere elkarrekin segitzeko asmoa daukagu. Auto barruan ez ezik, handik kanpo ere bikotea gara, eta oso polita da lasterketetan elkarrekin parte hartzea eta primeran moldatzen garela ikustea, beti ez baita horrela izaten. Askotan gutxietsi egiten da kopilotuak egiten duen lana, eta nabarmentzekotan, normalean izaten da huts egin duelako; baina pilotu batek ezer gutxi egin dezake alboan laguntzaile on bat ez badu. Urrakin, Errezilen edo Gabirian [Gipuzkoa] bakarrik ere moldatuko nintzateke, baina, adibidez, Lesakako ibilbidea ez nuen ezagutzen, eta lasterketa irabazi bagenuen, parte handi batean Virginiaren merituz izan zen. Asko gustatzen zaio kopilotu izatea eta astean zehar lan asko egiten du lasterketak ahalik eta ondoen prestatzeko, probaren egunean pilotuaren alboan eserita joatea baino askoz nekezagoa baita kopilotuaren lana.

Aurten ere auto batekin baino gehiagorekin ibili zara, bat zeurea, besteak alokatutakoak. Bota izan dizute auto onenarekin irteten zarelako irabazten dituzula lasterketak. Zer diozu zuk?

BMW M3 bat daukat nik, eta aurreko urteetan bezala, aurten ere lasterketa batzuetan neurearekin irten naiz, bostetan uste dut, eta beste sei probatarako autoa alokatu egin dut. Alokatutako auto horiek neurea baino askoz hobeak dira, munduko txapelketetan-eta erabiltzen dituztenak bezalakoak, eta ez dut ukatuko auto hobea izateak laguntzen ez duenik ere. Berez, gustatu, horiekin ibiltzea gustatzen zait, baina garestiak izateaz aparte, hemen ez dago horrelako beste autorik parez pare lehiatzeko; eta M3ak polita duena hori da, zeurea bezalako autoekin lehiatu zaitezkeela. Hortaz, biekin ibiltzen naiz. Txapelketan M3arekin parte hartu dudan hiru lasterketatan hirugarren bukatu dut, eta hortik aparte, Lesakakoan ere neurearekin parte hartu nuen. M3 autoak ditugun Hego Euskal Herriko pilotu onenak elkartu ginen Lesakan, hamazazpi lagun berdin-berdinak diren M3 banarekin, eta irabazi egin nuen. Aitortuko dut garaipen horrek sekulako poza eman zidala eta nolabaiteko lasaitasuna ere bai, batzuetan entzutea tokatu izan zaidalako, eta garaipen horrek bat baino gehiago isilduko zituelako.

Zeren arabera erabakitzen duzu zer lasterketa zer autorekin egin?

Denboraldiaren hasieran, babesleekin-eta hitz egin ostean, ikusten dut zenbateko aurrekontua izango dudan, eta orduan erabakitzen dut diru hori nola gastatu. Normalean, lau bat lasterketa alokatutako autoarekin egiteko modua izaten dut, eta gustukoenak aukeratzen ditut. Aurten, adibidez, oso garbi neukan Errezilgoan alokatutako autoarekin parte hartuko nuela. 

Herriko gaztetxo askorentzat lehen ere izar bat zinen, eta hirugarren txapelarekin zer esanik ez. Nola hartu zaituzte herrian?

Hemen umeek automobilismoa bizi egiten dute. Azpeitian Marrerori eta Guridiri joango zaizkien bezala, hemen gugana etortzen dira kamisetak-eta eskatzera, eta egunen batean autoa probatzera-edo irtenez gero, pijama jantzita-eta irteten dira kalera pasatzen ikustera. Errezilen automobilismoa kultura da, eta ikaragarri polita iruditzen zait hori.

Virginia Reguero eta Aitzol Apalantza, bere BMWarekin, Lesakako lasterketa irabazi berritan. (Utzitakoa)

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide