Errezilgo XIII. Sagardo Txapelketa Herrikoia jokatu zuten joan den larunbatean herriko frontoian. Hemezortzi sagardogilek parte hartu zuten Gaztetandik elkarteak antolatutako txapelketan, eta herritarrek erantzun beroa eman zioten, dozenaka haur, gazte eta heldu elkartu baitziren iluntzean frontoian jan-edanaren bidez herriko sagardo onena hautatzeko. Agerre Goikoak ekoitzitako sagardoak jaso zuen epaimahaiaren aurreneko saria, Zumeta baserria geratu zen sailkapeneko bigarren postuan, eta Iraola Zaharra hirugarrenean. Publikoaren sariari dagokionez, Basaberentzat izan zen aurreneko saria, eta haren atzetik Erdoiztak eta Agerre Goikoak jaso zituzten bigarren eta hirugarren sariak. Agerre Goiko Susana Gonzalezek jaso zituen zegozkien bi dominak.
Epaimahaiaren arabera, zuena da Errezilgo aurtengo sagardorik onena. Espero al zenuten?
Ez genuen inolaz ere espero, baina oso pozik gaude txapelarekin. Epaimahaiari gustatu zaio nonbait gure sagardoa, eta publikoari ere bai, kategoria horretan ere hirugarren saria lortu dugulako. Ederra izan da gure baserriaren izena irabazle izan dela entzutea. Guretzat ohorea izan da; Errezilen sagar asko dago, eta asko bizi dugu sagarrari lotutako guztia, are gehiago, herriko txapelketa.
Txapelketan parte hartu duzuen aurreneko aldia izan al da?
Ez, aurretik ere askotan parte hartu izan dugu, 11 aldiz bai, behintzat. Aurkeztu izan ez garenetan nahikoa sagar ez zegoelako izan da.
Baina txapela aurrenekoz jantzi duzue, ezta?
Txapela aurten jantzi dugu lehenengoz, bai. Behin publikoaren bigarren saria lortu genuen, baina inoiz ere ez txapelik. Aurtengoan bi sarirekin etxeratu gara: txapel handiarekin, eta publikoaren hirugarreb sariarekin.
Zer moduzko sagardoa atera zaizue aurtengoan?
Aurten ez da sagar urtea izan, ez da sagar gehiegirik egon, baina etxean egin dugun sagardoa oso ona atera zaigu. Etxekooi, behintzat, asko gustatu zaigu, eta txapelketara ekarri dugu. Badirudi guri bakarrik ez, jendeari eta epaimahaiari ere gustatu zaiela. Hala ere, txapelketaren unean, Errezilgo frontoian probatu dugu gure sagardoa, eta esan beharrean nago ez zaidala gehiegi gustatu [barreak]. Plazan, oso zaila da; hainbeste sagardo egoten dira, zaporeak nahastu egiten direla. Ez dut nabaritu zein sagardo den gurea, eta ez naiz bakarra izan, parte hartzaile askori gertatu omen zaie gauza bera. Antolatzaileek esan didatelako jakin dut zein zenbakitako sagardoa den gurea.
Zure ustez, zein berezitasunek eman dizue zuei saria? Zer du zuen aurtengo sagardoak gainerakoei falta izan zaiena?
Ni ez naiz aditua, baina garrantzitsuena gure sagardoak duen oreka hori izan dela uste dut. Gasa tamainan daukala esango nuke, bizitasun edo txinparta hori ere badauka, eta gozotasuna ere bai. Dena tamainan. Xehetasun horien artean oreka izatea da garrantzitsuena, eta guk aurtengoan hori lortu dugula uste dut. Aurtengoan bai, asmatu dugu gure etxeko sagardoarekin.
Datorren urtean ere aurkeztuko al zarete txapelketara?
Aurtengoa ikusita, datorren urtean ere txapelketara aurkeztu beharra daukagu. Ea aurtengoa bezain sagardo ona ateratzen zaigun.