Aitzol Apalantza pilotu errezildarrak Elgoibarko Rallysprinta (Gipuzkoa) irabazi zuen atzo, Virginia Reguero kopilotua ondoan zuela. Lasterketa hiru mangatan banatuta jokatu zuten, eta hirurak irabazi zituzten. Guztira, hogei minutu, hamabi segundo eta ehuneneko bateko denbora behar izan zuen bikoteak proba osorik amaitzeko.
Atzoko lasterketan nagusituta, Euskadiko Rallysprint Txapelketa ere irabazi du Apalantzak. Elgetan (Gipuzkoa) egiten den Intxortako Rallysprinta jokatzea falta da oraindik 2026ko denboraldia amaitzeko –urriaren 31n jokatuko da–, baina orain arteko puntuazioa kontuan izanda, errezildarrak ziurtatuta dauka aurtengo txapela. Hori horrela, iazko arantza ateratzea lortuko du Apalantzak; izan ere, orduan bigarren postua eskuratu zuen Euskadiko lehian. 2023an eta 2024an ere Euskadiko txapelduna izan zen errezildarra.