Errezilgo hemezortzi sagardogilek parte hartu zuten atzo, 20:00etan hasita, hango frontoian jokatu zen XIII. Sagardo Txapelketa Herrikoian. Aurreko urteetan bezala, Gaztetandik kultur elkarteak antolatu zuen ekimena, eta, beste behin, herritarrek erantzun beroa eman zioten txapelketari, dozenaka haur, gazte eta heldu elkartu baitziren iluntzean frontoian jan-edanaren bidez herriko sagardo onena hautatzeko. Agerre Goikoak ekoitzitako sagardoa izan zen nagusi atzokoan, baserri horrek jaso baitzituen epaimahaiaren aurreneko saria.
Sariketa ofizialean, Zumeta baserria geratu zen sailkapeneko bigarren postuan, eta Iraola Zaharra sagardogilearentzat izan zen hirugarren postua. Publikoaren sariari dagokionez, Basabek jaso zuen aurreneko saria, eta haren atzetik Erdoiztak eta Agerre Goikoak jaso zituzten bigarren eta hirugarren sariak.
Txapelketan parte hartzeko baldintzetako bat zen sagardo guztiek herrian bertan ekoiztutakoak izan behar zutela. Hori horrela, honako hemezortzi baserri hauek eraman zuten atzokoan sagardoa frontoira: Urdalleta, Agerre Goikoa, Buztinzuri, Irure Txiki, Estrada Zaharra, Lasturreta, Aritzeta Goikoa, Ibarguren, Galarraga saletxe, Aranguren, Zuazketa, Zumeta, Iraola Zaharra, Basabe, Aritzeta Azpikoa, Mugarrieta, Muno Haundi eta Erdoizta.