Iraila hilabete oparoa izan ohi da Herniopean, igandero erromeriak egiten dituztelako Zelatunen. Igande honetan, irailak 27, egingo dute aurtengo azken erromeria; hain zuzen ere, Elizagoien ahizpek girotuko dute Zelatungo berdegunea. Dantzarako tartea soilik ez dute hartuko, ordea, bertaratzen direnek; izan ere, aldarrikapenentzako lekua ere izango da han. Zehazki, Sañu Bizirik, Errezil Bizirik eta Amasamendi Bizirik taldeek deituta, mendietan zentral eolikorik ez dutela nahi adierazteko protesta egingo dute. 13:00etan jarri dute hitzordua, Zelatunen.
Zelatungo bordetako arduradunek gogorarazi dute iraileko igandeetan ezingo dela Errezil aldetik autoz Zelatuneraino iritsi; Odria baserrian itxiko dute bidea. Gainerakoan, urtean zehar zabalik egoten da bidea.