Lurpea Garbi ingurumena babestea helburu duen elkartea Hernio-Gazume ingurune karstikoa garbitzeko auzolan saioak ari dira egiten irailean. Zelatunen hil honetan igandero erromeriak izango direla aintzat hartuta, festa egun horietan guztietan egingo ditu elkarteak mendiko lurrak garbitzeko auzolan saioak.
Hilaren lehen igandean Zelatunen jarri zuten Lurpea Garbikoek topalekua, baina joan den igandean bezala, datozen bi igandeetan ere Andatzarraten elkartuko dira. Hain justu, 10:00etarako jarri dute juntadizorako ordua, eta goizean zehar arituko dira auzolanean. Lurpea Garbi elkarteak emango du garbiketa lanak gauzatzeko beharreko material guztia, eta egitasmoan parte hartu nahi dutenek lurpeagarbi@gmail.com helbide elektronikora idatzi beharko dute.
Lehen bi igandeetan, urteetan inguruan pilatzen joan den hondakin ugari batu zuten Lurpea Garbi elkartekoek nahiz haien egitasmora batu ziren boluntarioek. Besteak beste, beirazko botilak, plastikozko aulki zaharrak, metalezko eta plastikozko bidoiak, metalezko hainbat pieza, sukaldeko altzariak, uralita eta lurrean buztinarekin nahasitako plastiko zatiak.