Dantza zein gozamena soinu eta pandero artean, San Joan Txiki egunean

Maialen Etxaniz 2026ko abuztuaren 30a

Iraileko igandetako erromerien atariko, San Joan Txiki eguna ospatu zuten atzo Zelatunen. Arratsalde-gau partera arte luzatu zuten jaia, giro ona probestuta. 

Zelatungo iraileko erromeriek abuztuan izan ohi dute atarikoa, motorrak berotzeko eguna: San Joan Txiki eguna. Atzo, larunbatez, ospatu zuten hitzordua, Zelatungo bi bordetan jende mordoxka bilduta. Usadioari jarraituz, trikitia izan zen nagusi Hernio mendiaren magalean, 19:00rak aldera arte. Arandia anaiak arduratu ziren San Joan Txiki eguna girotzeaz, Zelatungo erromeriei hasiera emanez. Goiz-eguerdian hasi eta afal aurrera arte iraun zuen festak, tartean bazkaria eginda. 

Irailean, lau erromeria

Lau igande ditu aurten irailak, eta lau erromeria ospatuko dituzte Zelatunen: irailaren 6an, Saioa Lizarralderekin eta Maddalen Arzallusekin; irailaren 13an, Izerrekin eta Alabierrekin; irailaren 20an, Ostolazarekin eta Larrañagarekin; eta 27an, Elizagoien ahizpekin. 

Bordetako arduradunek gogorarazi dute iraileko igandeetan ezingo dela Errezil aldetik autoz Zelatuneraino iritsi; Odria baserrian itxiko dute bidea. Gainerakoan, urtean zehar zabalik egoten da bidea. 

(Argazkiak: Ibon Errazu)

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide