Hernio mendiaren tontorrak ohiko itxura berreskuratu du, joan den udazkenean hego haize bortitzak lurrera bota zuen harrizko gurutzea berriz altxatu baitute, auzolanean. 500-600 kiloko harria bere lekura itzultzea ez da nolanahiko lana izan. Izan ere, gurutzea berriro zutik jartzeko ez ezik, material guztia tontorreraino eramateko ere nahikoa lan izan dute, baina asmatu dute.
Iñaki Labaka errezildarra izan da gurutzea zutik jartzeko lanean aritu denetariko bat. "Joan den udazkenean hego haize oso bortitza ibil zen, eta hurrengo egunetan, mendizale garenok ikusi genuen haizeak Hernioko tontorreko gurutzeetako bat bota egin zuela", azaldu du Labakak. Harrizko gurutzeak urte batzuk badituela, eta denboraren eta eguraldiaren eragina ere antzematen zitzaizkiola gaineratu du. Haizeak eman zion, baina, azken errematea: "Haizeak ederki zigortu zuen gurutzea, hondo-hondotik puskatuz".
Eroritako gurutzeak hilabete batzuk eman ditu lurrean, geldirik, hura altxatzea "nahiko lan zaila" zelako, bereziki bere pisua kontuan hartuta. Lehenik, urteetan izandako konponketen ondorioz, gurutzearen atal batzuk banandu behar izan zituzten, maniobratzeko errazagoa izan zedin. Ondoren, oinarria berritu eta sendotu zuten, eta, azkenik, polipasto baten laguntzarekin altxatu zuten.
Igotzea, lehen erronka
Lanaren zatirik zailena gurutzea altxatu aurretik etorri zitzaien, horretarako behar zuten material guztia Hernioko tontorreraino igo behar baitzen. Zelatundik gorako bidea harritsua eta estua da, eta hainbat aukera aztertu zituzten: "Hiruzpalau aukera aztertu genituen, materiala nola garraiatu erabakitzerako", kontatu du Labakak. Helikopteroa izan zen lehen aukeretako bat, baina aurrekontuak ez zien ematen. Zaldiarekin edo mandoarekin eramatea ere aztertu zuten, baina bidearen ezaugarriek ez zuten laguntzen: "Harrizko punta ugari dago, eta abereak ongi ez zirela ibiliko pentsatu genuen". Beste aukera materiala motxiletan eramatea zen, baina horrek ere arazoak zituen: "Bidaia asko beharko ziren". Azkenean, trialeko moto baten laguntza izan zuten. "Ikaragarrizko abilezia duen mutil batek lagundu zigun eta hark jaso zuen material ia guztia tontorreraino".
Behin materiala tontorrean zutela, lana aurreikusitakoa baino azkarrago egin zuten. Hasieran, bi eguneko lana izango zela pentsatu zuten: lehenengoan oinarria prestatuko zuten, eta masa lehortu ondoren, gurutzea jarriko zuten. Baina eguraldiak lagundu, eta masa uste baino azkarrago lehortu zenez, egun bakarrean amaitu zituzten egin beharrekoak.
"Azkenean, dena egun bakarrean egin genuen, goiz eta arratsalde lan eginda", dio Labakak. Goizean hiru lagun aritu ziren, eta arratsaldean 11 bat elkartu ziren. Laguntza gehiago behar izatekotan, gainera, inguruko beste lagun batzuk ere prest zituzten, materiala Zelatunera igotzeko.
Herri askoren tontorra
Eroritako harrizko gurutzea berriro jartzeko ekimena Errezilgo Gaztetandik kultur elkartearena izan da, eta Errezilgo Udalaren dirulaguntza izan du. Baina Hernioko tontorra ez da herri bakar batena, eta gurutzean bertan ere bada horren arrastoa: "Gurutze honek beso bakoitzaren puntan bi herri markatzen ditu: batean Errezil eta bestean Albiztur jartzen du".
1855eko data ageri da gurutzean, baina Labakaren ustez, gaur egungo kokalekua ez zen seguruenik jatorrizkoa. "Errezilen eta Albizturren arteko muga goraxeago dago, eta uste dugu orain gurutze handiena dagoen lekuan egongo zela hau aurrena". Dokumenturik ez badute ere, uste hori belaunaldiz belaunaldi transmititutako kokapenari lotuta dago.
Hernioko gurutze handiena, berriz, 1947an jarri zuten Errezil, Aia eta Asteasuko baserritarrek. Beraz, tontorreko gurutzeek badute historia luzea atzean, eta horrek azaltzen du Labakarentzat gurutze zutitu berriak duen balio berezia. "Guretzako, mendi tontorretan halako zientoka ikur egotea ez da ona, baina hau historikoa da, gure arbasoek jarritakoa", dio. Eta badu beste zerbait ere: "Beti ematen du poza gora igo eta gurutze hau ikusteak".
Gurutzeak, gainera, bere lekua egina du mendizaleen ohituretan; izan ere, askok haren besoetan zintzilikatuta atera ohi dute argazkia. Bitxikeria horren lekuko izan zen Labaka bera gurutzea berriro altxatu eta biharamunean. "Gizonezko bat zegoen zintzilik. Beraz, garbi geratu zitzaidan gurutzea ongi jarri genuela eta ongi eusten diola pisuari".
Orain, erori zen harrizko gurutzea berriro zutik dago Hernioko tontorrean. Haizeak botatako lekutik altxatuta, inguruko paisaiaren parte izaten jarraituko du, hango beste gurutzeekin batera. Eta iraileko Zelatuneko erromeriak hurbildu ahala, tontorrera igotzen direnek berriz aurkituko dute han aspaldiko ikur hori, aurrekoek utzitako arrastoaren eta gaur egungo mendizaleen arteko lotura gisa.
