San Joan Txiki eguna ospatuko dute larunbatean Zelatunen, iraileko erromerien atariko

Iraia Oteiza

Dantzariak Zelatunen, iazko San Joan Txiki egunean. (Ibon Errazu)

Arandia anaiak ariko dira larunbat goizetik arratsaldera soinu txikia eta panderoa astintzen, udako lehen erromeria egunean. Irailekoen egitaraua ere prest dute.

Irailean igandero izaten da festa Zelatunen, eta aurten ere ez du hutsik egingo. Baina iraileko erromeriek abuztuan izan ohi dute atarikoa, motorrak berotzeko eguna; hala, larunbatean, hilak 29, ospatuko dute aurten Zelatunen San Joan Txiki eguna.

Usadioari jarraituz, egun horretan trikitia izango da nagusi Hernio mendiaren magalean. Arandia anaiak arduratuko dira San Joan Txiki eguna girotzeaz, Zelatungo erromeriei hasiera emanez. Goiz-eguerdian hasi eta afal aurrera arte iraungo du festak, tartean bazkaria dutela. 

Egun horretan hango bordetan bazkaldu nahi dutenek aurrez egin beharko dute erreserba. Antonioren Bordan erreserbatzeko 606 97 59 66 telefonora dei dezakete; aldiz, Agirretxe Bordan bazkaltzeko 636 74 38 27 telefonora deitu beharko da. 

Irailean, lau erromeria

San Joan Txikikoarekin batera eman dute jakitera Zelatungo bordek iraileko erromerien egitaraua ere. Lau igande ditu aurten irailak, eta lau erromeria ospatuko dituzte Zelatunen: irailaren 6an, Saioa Lizarralderekin eta Maddalen Arzallusekin; irailaren 13an, Izerrekin eta Alabierrekin; irailaren 20an, Ostolazarekin eta Larrañagarekin; eta 27an, Elizagoien ahizpekin. 

Bordetako arduradunek gogorarazi dute iraileko igandeetan ezingo dela Errezil aldetik autoz Zelatuneraino iritsi; Odria baserrian itxiko dute bidea. Gainerakoan, urtean zehar zabalik egoten da bidea. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide