Gipuzkoako Foru Aldundiko Lurralde Antolaketako departamentuak Lurraldebusen zerbitzua hobetuko du Errezilen. Hain zuzen ere, egungo zerbitzuari sei bidaia gehituko dizkiote, uztailaren 1etik aurrera. Uztailean eta abuztuan, lanegunetan, lau zerbitzu berri izango dira: 16:25ean eta 21:25ean aterako dira autobusak Errezildik, eta 16:40an eta 21:40an iritsiko dira horiek Azpeitira; eta alderantzizko norabidean, 16:40an eta 21:40an abiatuko dira autobusak Azpeititik, eta 17:05ean eta 21:55ean iritsiko dira horiek Errezilera.
Gainera, urte osoko larunbatetako zerbitzua indartu egingo dute; gauez beste joan-etorri bat egingo du autobusak Azpeitia eta Errezil artean. Errezildik 22:25ean abiatuko da, eta 22:50ean iritsiko da Azpeitira; Azpeititik Errezilera itzultzeko autobusa, berriz, 22:50ean abiatuko da eta 23:05ean iritsi.
Azahara Dominguez dipiutatuak azaldu duenez, neurri horiei esker "nabarmen hobetuko" da garraio publikoaren zerbitzua. Gainera, gogorarazi du hobekuntzak Errezilgo Udalarekin landu dituztela. Ekainaren hasieran bildu ziren Dominguez eta Koldo Arzallus Errezilgo alkatea herriko mugikortasun egoera aztertzeko eta hobetzeko bideak aztertzeko, eta lan horren emaitza dira, hain zuzen, uztailaren 1etik martxan izango diren zerbitzu gehigarriak. Errezilgo alkateak esan duenez, bizilagunak zerbitzuarekin "asetuta" gelditzea espero du. "Herritarrei zerbitzu berriak erabiltzeko deia egiten diegu, ibilgailu partikularrak alde batera uzteko aukera emango baitiete eta segurtasuna nahiz irisgarritasuna irabaziko baitute".
Dominguez diputatuak esan duenez, "ahalegin handia" ari dira egiten Lurraldebusen zerbitzuak herritarrek beharretara egokitzeko, eta udalerrietako eskaerak entzuteak eta aztertzeak garraio publiko erabilgarria, irisgarria eta herritarren beharretara egokitutakoa eskaintzen jarraitzea ahalbidetzen duelakoan dago. Gainera, herri txikietan zerbitzu publikoak mantentzeak duen garrantzia azpimarratu du: ""Konexio onak izateak eguneroko joan-etorriak errazteaz gain, pertsona guztiek oinarrizko zerbitzu publikoetarako sarbidea bermatuta izatea ziurtatzen du, eta, adibidez, lan bati uko egin behar ez izatea, lanetik irtetean etxera itzultzeko garraio publikoko zerbitzurik ez izateagatik".