Gipuzkoako Foru Aldundiak Hernio-Gazume eremu babestuan basoa lehengoratzeko egitasmoa onartu du. Azken hamarkadetan eremu horretan landatutako koniferoen sailak pixkanaka kendu nahi ditu, eta horien ordez, bertako espezieekin osatutako baso mistoa eraiki, bereziki pagoak landatuz.
Esku hartzea Herniozabal inguruko 13,75 hektareatan egingo dute. Gaur-gaurkoz, eremu horretan nagusiki Japoniako alertzeak, pinu larizioak eta Douglas izeiak daude, 1958tik 1986ra bitartean landatu zituztelako horiek. Aldundiaren arabera, joan den mendearen bigarren erdian ekoizpen irizpideek zuten lehentasuna; orain, berriz, biodibertsitatea eta naturguneen kontserbazioa dira ardatz nagusiak.
Horrenbestez, milaka zuhaitz berri landatuko dituzte datozen urteetan. Pagoa izango da landatuko duten espezie nagusia, baina beste hainbat landare hostozabal ere sartuko dituzte, hala nola haginak, gorostiak, haltzak, lizarrak eta sahatsak. Aurreikuspenen arabera, orotara 15.000 zuhaitzetik gora landatuko dituzte. Modu horretan, inguruko baldintza klimatiko eta geografikoetara hobeto egokitzen den baso egitura sortu nahi dute.
Lanak, fasetan banatuta
Basoa eraberritzeko lanak hainbat fasetan banatuta egingo dituzte. Lehenengo urratsa gaur egun dauden koniferoen sailak kentzea izango da. Hala ere, ez dituzte zuhaitz guztiak modu berean tratatuko; batzuk moztu egingo dituzte, baina beste batzuei azala kenduko diete, zutik lehortzeko. Teknika horren bidez zura hila sortzen da, eta horrek balio ekologiko handia du basoko espezie askorentzat. Izan ere, hildako egurrak babeslekua eta elikagaia eskaintzen die hainbat intsekturi. Ondorioz, zura hila mantentzea gero eta ohikoagoa da baso kudeaketa jasangarrian, aldundiaren arabera.
Koniferoen ezabatze lanak batez ere udazkenean eta neguan egingo dituzte, lurzoruan eta faunan izan dezaketen eragina ahalik eta txikiena izan dadin.
Bigarren fasean hasiko dira basoaren eraberritze lanekin. Milaka pago gazte landatuko dituzte, baina ez modu homogeneoan: beheko magalean pagoak beste landare hostozabal batzuekin uztartuko dituzte, baso mistoagoak sustatzeko. Altuera handiko eremuetan, berriz, pagadi trinkoagoak sortzea aurreikusten dute, pagoa hobeto egokitzen baita tenperatura freskoagoetara eta mendialdeko baldintzetara.
Bigarren faseko landaketak neguko hilabeteetan egingo dituzte, azarotik otsailera bitartean. Garai horretan landareak geldialdi begetatiboan egoten dira, eta horrek zuhaitzak hobeto sustraitzea dakar. Halaber, neguko hezetasuna lagungarri izan ohi da zuhaitz gazteek lehen urteetan behar izaten duten ura eskuratzeko.
Epe luzerako apustua
Aldundiak azaldu duenez, basoberritze prozesua ez da landaketa amaitzen denean bukatuko, aldundiko teknikariek eta naturaren kontserbazioan lanean diharduten hainbat eragilek jarraipen estua egingo baitiote proiektuari datozen urteetan.
Landatutako landare berrien biziraupena urtero aztertuko dute, eta landaketak amaitu eta hurrengo hiru neguetan hutsuneetan berriro landaketak egingo lituzkete, beharrezkoa izanez gero. Helburua da baso berria modu egonkorrean garatzea eta epe luzera ekosistema sendo bat eratzea.
Halaber, kontuan hartu dute Hernio-Gazume ingurua tradizio handiko abeltzaintza eremua dela. Zelatun eta inguruko larreetan behiak eta ardiak ibiltzen dira urte osoan, eta aldundiak ohartarazi du horrek arriskuan jar ditzakeela landatuko dituzten zuhaitz gazteak. Hori horrela, proiektuak "babes neurri bereziak" aurreikusten ditu. Landatutako pagoek eta gainerako zuhaitz gazteek babes hodi batzuk izango dituzte aurreneko urteetan. Gisa horretan, ganaduak kimu berriak jatea edo enborrak kaltetzea saihestuko dute. Aurreikuspenen arabera, babes horiek gutxienez bost urtez mantenduko dituzte.
Pagadi berria sendotzeko denbora beharko dutela dio aldundiak. Egin dituen kalkuluen arabera, 20-30 urte bitartean igaroko dira baso egonkor bat osatzerako, eta ehun bat urte igaro arte ez ditu pagadi heldu baten ezaugarriak izango. Hala ere, erakundeak uste du egitasmoa "urrats erabakigarria" dela Hernio-Gazumeko jatorrizko paisaia berreskuratzeko eta etorkizuneko belaunaldiei natur ingurune aberatsagoa eta osasuntsuagoa uzteko.