Herri eskolako nahiz pilotalekuko teilatuetan eguzki plakak jarri ditu Errezilgo Udalak

Julene Frantzesena 2026ko maiatzaren 12a

San Martin herri eskolan jarri dituzten eguzki plakak. (Errezilgo Udala)

Bi instalazio fotovoltaikoekin herriko hainbat zerbitzu nahiz azpiegitura publikotarako energia sortuko dute. Pilotakuan 113 eguzki plaka jarri dituzte, eta 104 planel, berriz, San Martin herri eskolan.

Errezilgo Udalak energia berriztagarrien aldeko apustua egin eta eguzki plakak jarri ditu udal pilotalekuaren nahiz San Martin herri eskolaren teilatuetan. Bi proiektuak Europako Batasunaren, Espainiako Gobernuaren eta Energiaren Euskal Erakundearen autokontsumorako proiektuak sustatzeko diru laguntzen bidez jarri dituzte martxan. 

Pilotalekuko instalazio fotovoltaikoan herriko hainbat zerbitzu publikotarako elektrizitatea sortuko dute, hala nola pilotalekurako nahiz udal bulegoetarako. Izan ere, eraginkortasun handiko 113 eguzki panel jarri dituzte, eta horiek 66,67 kWp eta 60 kW sortuko dituzte bi inbertsoreren bidez. Urtean 61.900 kWh baino gehiago ekoiztea aurreikusten dute, eta horrekin udalaren energia kontsumoaren zati handi bat beteko dela esan du erakundeak. 

Udalak azaldu duenez, instalazioak ingurumen inpaktua murrizten eta ingurunearen kalitatea hobetzen lagunduko du; izan ere, urtean 28 tona comaiz isurtzea saihestuko du. Gainera, eguzki plaken instalazioak autokontsumo kolektibo sistema izango du, eta ondorioz, sortzen den energiaren soberakina konpentsatu egingo da. 

Herri eskolan ere bai

San Martin herri eskolako teilatuan ere instalazio fotovoltaikoa ezarri du Errezilgo Udalak. Espazio hori aprobetxatu du erakundeak "energia garbia" sortzeko eta autosufizientzia energetikorantz "urrats sendoa" emateko. 

Orotara 104 eguzki plaka jarri dituzte eremu horretan, 52 kWp baino gehiago lortzeko gai direnak. Azpiegitura horri esker hainbat udal azpiegitura hornitu ahal izango dituzte. Urteko energia ekoizpena 49.000 kWh-tik gorakoa izango dela esan du udalak.

"Energia bolumen horrek nabarmen lagunduko du sare elektriko konbentzionalarekiko mendekotasuna murrizten", adierazi du erakundeak. Halaber, halako proiektuekin Errezilek garai berrietara egokitzen jakin duten udalerriekin bat egin duela ere esan du udalak, "gauzak zentzuz eta etorkizuneko ikuspegiarekin" egitearen balioa zer-nolakoa den ahaztu gabe.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide