Eguraldi makurra eginagatik, giro paregabea sortu da Korrikaren iritsierarekin Errezilen

Julene Frantzesena 2026ko martxoaren 28a

Korrikaren 24. edizioa gaur iritsi da bigarrenez Urola Kostara. Errezildik barrena sartu da eskualdera, eta hango bizilagunek, eguraldi txarra eginagatik, korrika egin dute, euskararen alde. Eskuz esku lekukoa pasatuta iritsi da Korrika handik Azpeitira.

Euria bai, baina giro paregabea ere bai. Eguraldi makurra ez da etxean geratzeko aitzakia izan Errezilgo bizilagunentzat. Tolosaldetik barrena iritsi da Korrikaren 24. edizioa gaur Errezilera, 15:15 inguruan, eta kilometroz kilometro, lekukoa eskuz esku pasatuta, Azpeitirako bidea hartu du.

Eskualdera iritsi den bigarren aldia izan da; izan ere, kostaldetik igaro zen Korrika joan zen aseteazkenean. Gaur hartu du berriro Urola Kostarako bidea, eta lur horietan zapaldu duen lehen herria izan da Errezil. Euritan egin dituzte pauso hainbat herritarrek, baina giro zoragarria sortu da herrian. Herritar ugari atera dira korrika egitera, eta batzuek Azpeitirainoko bidea egin dute, gainera.

Festa giroan borobilduko dute eguna; izan ere, pintxo poteoa egingo dute iluntzean Akerran, Erniopen eta Borondegin. Gero, bingo musikatua izango da Borondegin, gaztetxoek gidatuta, eta segidan, Andoni Ollokiegiren kontzertua taberna horretan bertan.

Bihar, ikus-entzunezkoa

Bihar bukatuko da joan zen martxoaren 19an Atharratzen (Zuberoa) hasi zen Korrikaren 24. edizioa, Bilbon. Korrikaren bukaera ekitaldiaren zuzeneko saio berezia egingo dute euskarazko hainbat hedabidek elkarlanean, tartean Gukak, eta saio hori webgune honetan ikusi ahal izango da. Hain zuzen ere, Andoni Elduaien Gukako kazetaria saio horretan ariko da, elkarrizketak egiten.

Bestalde, asteazkenean eta gaur eskualdean jasotako irudiekin nahiz herritarrei egindako elkarrizketekin osatutako ikus-entzunezko saio berezia eskainiko du Gukak bihar iluntzean, webguneetan eta telebistan.

Gukak aurki igoko ditu bildumara Korrikaren furgonetatik ateratako argazkiak. 

(Argazkiak: Arnaitz Rubio Aprea)

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide