Larunbatean igaroko da 24. Korrika Errezildik, eta euskararen aldeko korrikaldi jendetsua hartzeko herria girotzeko Korrika Txikia egin zuten astearte arratsaldean San Martin herri eskolako ikasleek, irakasleek eta gurasoek.
15:00etan San Jose ermitatik hasi zuten ikasleek Korrika Txikia, eta Belamendi ondotik igarota ,eskola aurrera iritsi ondoren herriari itzulia eman zioten euskararen aldeko leloak oihukatuz. Tokiz toki ikastalde bakoitzak lekukoa elkarri pasatuz egin zuten herriko itzulia, LH6tik 2-3 urte arteko ikasleek. Korrika Txikiari bukaera eskolako jolastokian eman zioten, gurasoekin batera kantuan eta dantzan. Lekukoaren barruko mezua irakurri zuten jolastokian 10-12 urte bitartekoek; ikasleek prestatutako kopla batzuk ziren.
Korrika Txikiaren festa bukatzeko, Errezilgo Guraso Elkarteak prestatutako meriendaz gozatu ahal izan zuten ikasleek eta irakasleek.
24. Korrika larunbatean igaroko da Errezildik, 15:13 aldera. Egun horretarako Errezilgo Korrika Batzordeak egun guztirako egitaraua prestatu du. 14:00etan, Korrikaren zuzeneko emanaldia ikusteko aukera izango da Zimitorioan. Korrika Bidania-Goiaztik Errezilera nola iristen den ikusteko aukera izango dute Zimitorioan elkartzen direnek, kafearekin eta pastekin. 15:13ean, Korrika iritsiko da Errezilera eta erraldoiekin harrera egingo diote. Begin Korrika herriik igarotakoan, 19:00etatik aurrera, pintxo potea izango da Erniopen, Akerran eta Borondegin. 22:00etan, berriz, gaztetxoek dinamizatuta bingo musikatua egingo da Borondegin, eta segidan, Andoni Ollokiegiren kontzertua izango da.