Atzo, zapatua, hasi zen euskal automobilismo denboraldia, eta Aitzol Apalantza auto gidari errezildarrak ezin hobeto ekin dio sasoiari. Rakel Rodriguezek lagunduta, Bosteko eskuderiak antolatutako 28. Gabiria-Legazpi Rallysprinta irabazi zuen Apalantzak Fabia Rally2 Evo autoarekin.
Goizean, Gabiria-Legazpi noranzkoan jokatu zituzten bi erlojupeko, eta arratsaldean, kontrako noranzkoan beste bi. Apalantzak 04.15, 04.20.50, 04.23 eta 04.31 denborak markatu zituen, hurrenez hurren, jokatutako lau erlojupekoetan. Zehazki, lehen zatian lortu zuen pilotu errezildarrak probako batez besteko abiadura handiena; 93 km/h-ko abiaduran osatu zuen hark Gabiria eta Legazpi arteko bidea. Denera, 17.31 denbora egin zuten pilotu errezildarrak eta Rodriguezek.
146 lagunek parte hartu zuten proban. Gorka Idigoras eta Nerea Campos sailkatu ziren bigarren (17.58) eta Xabier Lujua eta Jesus Estrada hirugarren (18.21). Legazpiko plazan amaitu zuten proba partaide guztiek, eta han egin zuten sari banaketa ekitaldia. Plaza horretan bertan jaso zuten Apalantzak eta Rodriguezek aurtengo denboraldiko lehen sari nagusia; txapela eta garaikurra jaso zituen bikoteak, besteak beste.