Inauteri Festa egin zuten atzo Errezilen. Inauteri jaia ospatzen goiztiarrenak San Martin Herri Eskolako ikasleak eta irakasleak izan ziren. Goizean, santa eskean bildutakoari esker hamaiketakoa egin zuten ikasleek, baita Talent Show-a ere. Arratsaldean, berriz, mozorrotuta jolas kooperatiboak egin zituzten eskolan eta herriko pilotalekuan banatuta. Behin eskolatik irtendakoan, txokolate beroa eta gozokiak jateko aukera izan zuten txikienek, Guraso Elkarteak emanda.
Iluntzean, berriz, herriko gazteak eta helduak batu ziren Inauteri Festara. Pintxo potea egin zuten aurrena, eta segidan, mozorro onenak saritu zituzten Borondegin.