Zelatungo Antonioren Bordak azken orduak ditu zabalik, hainbat hamarkadaz mendizaleei zerbitzua ematen aritu ostean, gaur itxiko baititu ateak. Izan ere, egun tabernaren ardura duen Maria Jesus Etxeberriak, bere aldetik, hamabost urteko aroari amaiera emango dio gaur, eta negozioa itxita, atseden pixka bat hartzeko baliatuko du hark gertu duen jubilazioa.
Antonioren Bordaren azken asteburuan, mendizale ugari dabil Zelatunen, eguraldiak ere laguntzen baitu Hernioren magalean dagoen paraje zoragarriaz gozatzera joaten. Egunotan, askok jo dute Antonioren Bordara hango lantaldea agurtzera, eta horren erakusgarri da bezeroen joan-etorri etengabea. Mendizaleentzat zein lantaldearentzat berezia ari da izaten asteburua, jakin badakitelako, Antonioren Bordak ateak itxita, "zerbait" galduko duela Zelatunek. Oraingoz taberna horren ardura hartuko duenik aurkeztu ez denez, aurrerantzean, han dagoen beste bordak, Agirretxerenak, emango die zerbitzu mendizaleei.