Bertako produktuak nagusi, Errezilgo Sagarraren Azokan

Mailo Oiarzabal 2025eko abenduaren 3a

Ibarbi sagarrak otarreetan, Errezilgo iazko azokan. (Aitziber Arzallus)

Datorren igandean egingo dute aurtengoa, 10:00etatik 14:00etara, frontoian. Hamasei postu jarriko dituzte ekoizleek eta artisauek, horietatik hamabi etxekoek.

Sanmartinak igarota, udazken bukaerako azken hitzordu nagusia izango dute igande honetan Errezilen. Abenduaren 7an egingo dute aurten Errezil Sagarraren Azoka, eta Ibarbi elkarteko antolatzaileek dena prest dute "benetan tokikoa eta artisaua" izango den merkaturako.

10:00etatik 14:00etara, lehen sektoreko ekoizleen produktu aukera zabala zein artisau produktuak eskainiko dituzten hamasei postu jarriko dituzte Errezilgo pilotalekuan. Barazkiak, ogia, ahatetik zein erlezaintzatik eratorritako produktuak, gaztainak, arropa, eskulanak eta, nola ez, Errezil edo Ibarbi sagarrak eta sagarretik eratorritako produktuak aurkituko dituzte igande goizean Errezilgo frontoira joaten direnek.

Etxekoek lehentasuna

Kopuru aldetik, urte batetik bestera aldaketa gutxi izan ohi da Errezilgo udazkeneko azokan. "Ekitaldia herriko frontoian egiten denez, edukiera mugatua da, eta Errezilgoak ez diren ekoizleentzako plazak mugatuak dira, nahiz eta parte hartzeko eskaerek gora egiten duten urtetik urtera", dio Ibarbi elkarteko Luis Berrondok.

Herrikoek "lehentasuna" dute Errezil Sagarraren Azokan; hori da hitzorduaren ezaugarrietako bat. Horrela, datorren igandean, hamasei salmenta postuetatik hamabi Errezilgoek bertakoek jarriko dituzte; horietako bat izango da azoka antolatzen duen elkartearena, Ibarbi sagarrarekin egindako bere produktu sortarekin: sagar zukua, purea, marmelada eta gozoa.

Kanpotik azokara joango diren ekoizle apurren artean, "erlezaintzarekin, elikadurarekin eta barazkiekin zerikusia duten produktu oso interesgarriak" aurkeztuko dituzten ekoizleak nabarmendu ditu antolakuntzak, gipuzkoarrak denak: Bedaiokoak, Donostiakoak eta Bidaniakoak.

Azoka soilik

Urte batzuetan, azoka berarekin batera edota aurreko egunetan bestelako ekintzekin eta egitarauarekin osatu izan dute egitasmoa, baina aurten azoka soilik egingo dute.

"Egia esan, tradizio zaharrak berreskuratzea eta eskaintza askotarikoagoa izatea gustatuko litzaiguke, baina une honetan ez ditugu horretarako baliabide fisikoak, ezta giza baliabideak ere", adierazi du Berrondok.

Uzta, "pixka bat arraroa eta irregularra"

Eguraldiaren gorabeherek eraginda, Errezil sagarraren aurtengo uzta "pixka bat arraroa eta irregularra" izan dela azaldu du Berrondok: "Loraldia bi aste aurreratu zen, eta bilketa, berriz, bi aste atzeratu. Horrek, eguraldia gehituta, sagarraren batez besteko diametroa txikiagoa izatea ekarri du. Aurreko negua oso epela izan zen, eta sagarrondoek eta fruta-arbolek, oro har, ez zuten beharrezko ordurik izan geldialdi begetatiboa behar zen denboran egiteko".

Sagarrondoek geldialdi begetatiboa behar bezala egiteko zer tenperatura eta zenbat ordu behar dituzten ere zehaztu du Ibarbi elkarteko kideak: "Oro har, sagarrondo batek 7ºC-tik beherako tenperaturak 700 ordu baino gehiagoz izan beharko lituzke hurrengo udaberrian atseden hartzeko eta energia nahikoa izateko, eta hori da gero eta konplexuagoa izaten ari dena".

2025eko sagar uztara itzulita, aleen tamaina txikiagoa izateaz gain, jasotako sagar kopuruan batetik bestera aldea egon dela nabarmendu du Berrondok: "Errezilen, barrualdean gaudenez, sagarra izan dugu, baina ez sagarrondo guztietan, sagar urtea izan arren, eta hori ez da normala. Kostaldean, berriz, Errezil sagar gutxi egon da".

Dena den, gorabeherak gorabehera eta aurtengo sagarra "oso azkar saltzen" ari den arren, igandean Errezilera joaten diren guztientzat "nahiko sagar" izango dutela gaineratu du azoka antolatzen duen elkarteko kideak. Horrekin batera, aurtengo Errezil sagarraren azokan parte hartzeko deia egin du Berrondok, errezildarrei zein herritik kanpokoei zuzenduta.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide