Errezilgo ikasleek egindako lan bat, Arnasa bideo lehiaketako finalisten artean

Julene Frantzesena 2025eko azaroaren 26a

Joanes Zabalak eta Harri Aveirok ondutako Isabelen kartia bideoa da LH 5. eta 6. mailei dagokien saria jasotzeko hiru hautagaietako bat. Sari banaketa ekitaldia bihar egingo dute Leitzan. UEMAk, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak antolatu dute egitasmoa, umeen nahiz gaztetxoen artean sormena sustatzeko nahiz hizkuntza ohituren inguruko gogoeta pizteko. Eskualdeko hainbat herritako ikasleek parte hartu dute lehiaketaren aurtengo edizioan.

Arnasetik bideo sormen lehiaketako finalisten artean da Errezilgo San Martin herri eskolako bi ikaslek egindako ikus-entzunezkoa. Hain zuzen ere, Joanes Zabalak eta Harri Aveirok ondutako Isabelen kartia bideoa da LH 5. eta 6. mailei dagokien saria jasotzeko hiru hautagaietako bat. Maila horretako ikasleek gurasoek eta aiton-amonek herrian esaten zituzten esamoldeak bilatu eta gaur egungo baliokideak aurkitu edo asmatu behar izan dituzte bideoa sortzeko.

UEMAk, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak bihar, ostegunez, banatuko dituzte sariak, Leitzako (Nafarroa) Herri Aretoan, 18:00etan hasita. Maria Blancok eta Malen Altunak aurketuko dute ekitaldia, eta bost sari banatuko dituzte. Kategoria bakoitzean epaimahaiak hautatutako lanik onenak 500 euroko saria jasoko du; orotara gisa horretako hiru sari banatuko dituzte. Halaber, publikoaren saria ere banatuko dute, herritarrek boz bidez hautatutakoa bideoaren egileek jasoko dutena. Bestalde, Leitzako Udalak ere banatuko du sari bat, herriko sortzaile gazteei zuzendutakoa.

Arnasa Gara egitasmoaren barruan antolatu dute aurten bideo lehiaketaren laugarren edizioa, 10 eta 16 urte bitarteko umeen nahiz gaztetxoen artean sormena sustatzeko nahiz hizkuntza ohituren inguruko gogoeta pizteko. Orotara, 205 lan jaso dituzte aurtengoan, 35 herritan eginak; tartean, Azkoitian, Azpeitian, Errezilen, Orion, Zestoan nahiz Zarautzen. Lehiaketa euskararen arnasguneetako ikastetxeetako ikasleei zuzendutakoa da, baita arnasguneetako ikasleak jasotzen dituzten ikastetxeetako ikasleei ere.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide