Zapatuan jokatuko dute Errezilgo XII. Sagardo Txapelketa Herrikoia

Maddi Txintxurreta 2025ko ira. 29a, 09:17

Hainbat sagardogile haien edariak probatzera ematen, Errezilgo txapelketaren iazko edizioan.

Hamasei sagardogilek parte hartuko dute sagardo txapelketa herrikoiaren hamabigarren edizioan. Sarrera hamabost euro ordaindu beharko dute 12 eta 15 urte arteko herritarrek; gainontzekoek, berriz, hogei euro.

Urriaren 4an, larunbata, jokatuko dute Errezilen Gaztetandik kultur elkarteak antolatzen duen sagardo txapelketa herrikoia. Hamabigarren edizioa izango da aurtengoa, eta hamasei sagardogile ariko dira lehian.

Errezilgo pilotalekuan jokatuko dute Errezilgo XII. Sagardo Txapelketa Herrikoia, 20:00etan hasita. Hamabost sagardo desberdin dastatzeko aukera izango dute Errezilera bertaratzen direnek eta, ohi bezala, pintxoak, kafea eta postreak izango dituzte sagardoari laguntzeko. Honako hauek dira txapelketan parte hartuko duten sagardogile edo baserriak: Arabe, Aranguren, Aritzeta Azpikoa, Aritzeta Goikoa, Basabe, Errekodo, Estrada Zaharra, Ezama Enea, Ibarguren, Irure (Aiertza), Irure Txiki, Lasturreta, Mugarrieta, Urdalleta, Zuazketa eta Zumeta.

Ibarguren izan zen iazko edizioko sagardogile txapelduna, 17 puntu eta erdirekin, epaimahaiak hala erabakita. Bigarren saria Mugarrietako sagardogileak jaso zuen, eta hirugarrena Estrada Zaharreko sagardogilearentzat izan zen. Publikoaren saria, aldiz, Urteagak, Irurek (Aiertza) eta Estrada Zaharrak jaso zuten.

Sagardo Txapelketa Herrikoira bertaratu nahi dutenek egunean bertan erosi beharko dituzte txartelak. Helduek hogei euro ordaindu beharko dute sarrera, eta 12 eta 15 urte bitarteko gaztetxoek hamabost euro. Pilotalekuan bertan jarriko dituzte salgai, ekitaldia hasi aurretik. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide