Ibargurenek irabazi du Errezilgo XI. Sagardo Txapelketa Herrikoia

Iraia Oteiza 2024ko urr. 5a, 23:58

Hemezortzi sagardogilek parte hartu dute Gaztetandik kultur elkarteak antolatutako Errezilgo sagardo txapelketan. 200 bat lagun bildu dira mokadutxo bat janez sagardoa dastatzera.

Errezilgo hemezortzi sagardogilek parte hartu dute gaur, 20:00etan hasita, Errezilgo frontoian jokatu den XI. Sagardo Txapelketa Herrikoian. Aurreko urteetan bezala, Gaztetandik kultur elkarteak antolatu du ekimena, eta pintxoak janez, sagardoak dastatzeko aukera izan dute bertaratu direnek. Antolatzaileen arabera, 200 bat lagun elkartu dira herriko frontoian.

Txapelketan parte hartzeko baldintzetako bat da sagardo guztiek herrian bertan ekoiztutakoak izan behar dutela. Hori horrela, honako hemezortzi baserri hauek eraman dute aurtengoan sagardoa frontoira: Irure (Aiertza), Irure Txiki, Estrada Zaharra, Lasturreta, Buztin Zuri, Aritzeta Goikoa, Ezama Enea, Ibarguren, Basabe, Arabe, Mugarrieta, Errekondo, Aranguren, Zuazketa, Urdalleta, Aritzeta Azpikoa, Zumeta eta Urteaga.

Ibarguren izan da aurtengo sagardogile txapelduna, 17 puntu eta erdirekin, epaimahaiak hala erabakita. Bigarren saria Mugarrietako sagardogileak jaso du, 17 puntu eskuratuta, eta hirugarren saria Estrada Zaharreko sagardogilearentzat izan da, 16 puntu eta erdirekin. Publikoaren saria, aldiz, Urteagak, Irurek (Aiertza) eta Estrada Zaharrak jaso dute. 

Sari banaketaren ostean herriko produktuen zozketa egin dute, eta zenbait bertso ere abestu dituzte, frontoiko giroa are gehiago alaituz.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide