Herri afariarekin eta erromeriarekin borobildu dute San Antonio eguna Errezilen

Aitziber Arzallus 2025ko eka. 14a, 11:25

Atzo nahikoa egin ez zutenek, gaur ere izango dute festarako aukera; izan ere, eguerdian bertso bazkaria egingo dute Letea jatetxean Nerea Ibarzabal eta Sebastian Lizaso bertsolariekin; iluntzean sagardo eta pintxo dastaketa egingo dituzte frontoian; eta 23:00etatik aurrera erromeria izango da Iratzar taldearekin. 

Goizean txupinazoa botata eta erraldoiak estreinatuta hasi zituzten atzo sanantonioak Errezilen, eta festetako egun handiena ospatzeko ekitaldiek ez zuten etenik izan egun guztian. Arratsalde partea, ikasturte bukaerako trikiti jaialdiarekin eta gaztetxoen dantza emanaldiarekin arindu ostean, 21:30ean hasita herri afaria egin zuten frontoian. Asko izan ziren Herniope elkarteak prestatutako afarira joan ziren errezildarrak, eta inguruko herrietatik ere bertaratu zen jendea. Afalostean, erromeria izan zen Itzal taldearekin, eta hark saioa bukatu eta gero ere jarraitu egin du festak, gutxienez gaur 07:00etan gaupaseroen argazkia atera arte. 

Atzo nahikoa egin ez zutenek, gaur ere izango dute festarako aukera; izan ere, eguerdian bertso bazkaria eta iluntzean sagardo eta pintxo dastaketa egingo dituzte, eta 23:00etatik aurrera erromeria izango da Iratzar taldearekin. Hona hemen gaurko eta biharko egitaraua:

Gaur, larunbata

  • 14:00. Bertso bazkaria, Letea jatetxean. Nerea Ibarzabal eta Sebastian Lizaso bertsolariek eta Erkizu eta Julen Labaka trikitilariek girotuta.
  • 17:00. Haurrentzako jolasak.
  • 20:30. Sagardo eta pintxo dastaketa.
  • 23:00. Erromeria, Iratzar taldearekin.

Bihar, igandea.

  • 12:00. Haurren pilota partidak, frontoian.
  • 14:00. Zahagi ardoa.
  • 15:30. Haurrentzako hondar eskulturen tailerra.
  • 18:30. Herri kirol erakustaldia: Mikel Larrañaga eta Julen Alberdi Txikia IV.a ariko dira aizkoran. Harri jasotzen Jon Unanue Goenatxo III.a, Aimar Irigoien, Udane Ostolaza eta Olaia Esnaola harri jasotzaileak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide