Bihar amaituko da festetako kamisetaren diseinu lehiaketan lanak aurkezteko epea

Ane Olaizola 2025ko api. 15a, 10:32

Errezilgo sanantonioetan egiten duten kirol erronka, artxiboko irudi batean.

Ekainean ospatuko dituzten sanantonioetarako kamiseta berritzeko asmoa du Errezilgo Festa Batzordeak, eta herritarrek kamisetaren kolorea, marrazkia eta leloa aurkezteko aukera dute bihar artean.

Errezilgo Festa Batzordeak antolatu duen kamiseta diseinu lehiaketa herrikoian parte hartzeko epea bihar amaituko da, eta beraz, herritarrek azken orduak dituzte beren lanak aurkezteko. Izan ere, ekainean ospatuko dituzten sanantonioetarako kamiseta berritzeko asmoa du batzordeak, eta herritarrek kamisetaren kolorea, marrazkia eta leloa aurkezteko aukera dute bihar artean, errezilgofestabatzordea@gmail.com helbide elektronikora mezua bidalita edota Instagram bidez @errezilgofestak kontura zuzenduta.

Behin diseinuak jasotakoan, herritar guztien artean aukeratuko dute diseinu irabazlea, eta horretarako diseinu guztiak erakusgai jarriko dituzte apirilaren 21etik 25era bitartean Borondegin. Herritar bakoitzak boto bana emango du, eta boto gehien jasotako kamisetaren diseinua apirilaren 25ean, pintxo pote garaian, jakinaraziko dute. Irabazleak kamiseta bat eta herri afarirako txartela irabaziko ditu.

Kamiseta diseinu lehiaketaren baldintzak:

  • Diseinua kolore bakarrean egin beharko da.
  • Marrazkia eta leloa kamisetaren alde bakarrean jarri ahal izango dira, atzean ala aurrean.
  • Kolorea hautatzeko orduan, gaur egungo berdea ez izatea hobetsiko da.
  • Apirilaren 16a baino lehen aurkeztu beharko da.
  • Kamiseta herrikoia izango dela kontuan hartu beharko da.
  • Kamisetaren diseinu osoa A4 orrialde batera aurkeztu beharko da.
  • Diseinuarekin batera, izen-abizenak, jaioturtea, helbidea eta kontakturako telefono zenbakia bidali behar dira errezilgofestabatzordea@gmail.com helbidera edota Instagrameko @errezilgofestak kontura.
  • Apirilaren 21etik 25era erakusgai jarriko dira diseinu denak Borondegin. Herritar bakoitzak behin bozkatzeko aukera izango du.
  • Apirilaren 25eko pintxo-potean emango da irabazlearen berri.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide