Urtero bezala, abenduko lehen igandez, Sagarraren Eguneko azoka egin dute gaur Errezilen, Ibarbi sagarraren elkarteak antolatuta. 10:00etatik 14:00etara bitartean, sagarra eta sagarkiak ez ezik, beste hamaika produktu erosteko aukera ere izan da frontoian jarri dituzten hamasei postuetan: barazkiak, eztia, esnea, ukenduak, ogia, eskulanak, liburuak... Postu gehienak herriko produktuekin edota Errezilgoek jarri dituzte, baina kanpotik etorritakoenak ere bazeuden.
Horrez gain, ganadu eta baserriko makinaria feria ere egin dute Dantzalekuan, Gaztetandik elkarteak antolatuta. Duela hamabost bat urte ere egin zuten ganadu feria Sagarraren Egunez, eta aurten berriz egitea erabaki dute. Dena dela, antolatzaileek ez dute feria hori nahi bezala gauzatzerik izan mingain urdinaren gaitza dela eta; soilik behorrak erakutsi dituzte.
Eguraldi ederra lagun, asko izan dira goiz-pasa bertaratu diren herritarrak, eta Gabonen atarian, zenbaitek erosketak egiteko baliatu dute aukera.