Urtero bezala, abenduko lehen igandez Errezilen Sagarraren Eguneko azoka egingo dute, Ibarbi sagarraren elkarteak antolatuta. 10:00etatik 14:00etara bitartean egongo dira azokako postuak Errezilgo frontoian. Sagarraren postuez gainera, bestelako batzuk ere izango dira igandean Errezilen: sagarrarekin egindako produktuenak, barazkienak, artisauenak... Guztira, hamasei postuk osatuko dute Sagarraren Azoka. "Postu gehienak herriko produktuekin edota Errezilgoek jarriko dira, baina kanpotik etorritakoenak ere izango dira. ", azaldu du Luis Berrondo Ibarbi sagarraren elkarteko kideak.
Azokan, Ibarbi sagarra elkartekoek postu berezia jarriko dute, eta postu horretan sagarrarekin egindako produktuak jarriko dituzte salgai: mermeladak, pureak, zukuak eta abar. Horrez gainera, Errezilgo Azoka elkartekoen postu berezia ere egongo da azokan, haiek ekoiztutako produktuekin. Errezilgo baserrietako barazkien bi postu ere egongo dira, eta baita Urraki esnekien beste postu bat ere.
Aurten, kopuruz ez da sagar uzta oparoa izan Errezilen. Bi urtetik behingoa kontuan hartuta, iaz sagar ugari eta aurten urri izan dute. "Aurten, Goierri aldean sagar ugari izan dute, baina Errezilen gutxiago izan dugu. Hala ere, ea aurtengo uztarekin Gabonetara iristen garen", adierazi du Berrondok.
Ganadu feria ere bai
Errezilgo frontoian Sagarraren Eguneko azoka egiten ari diren denboran, Dantzalekuan ganadu feria egingo dute, Gaztetandik elkarteak antolatuta. "Orain dela hamabost bat urte ere egin zen ganadu feria Errezilen, eta aurten berriro antolatzea erabaki dugu Gaztetandik elkarteko kideoi. Guk nahi bezala antolatzeko, ordea, arazoak izan ditu mingain urdinaren gaitzaren kontuarekin. Hori dela eta, behorrekin bakarrik egingo dugu feria", aurreratu du Berrondok.
Ganadu feriara Errezilgo baserrietako behorrak eramango dituzte, eta Sagarraren Eguneko azokaren osagarri moduan antolatu dute. Hala azaldu du Berrondok: "Sagarraren azokak jende asko biltzen du, eta ganadu feria osagarri bezala jarriko dugu. Gainera, haurrei animaliak ikustea-eta asko gustatzen zaie, eta ganadu feria erakargarri bat gehiago izango da igandean".