San Martin eguna ospatzen hasi dira Errezilen

Mailo Oiarzabal 2024ko aza. 11a, 12:50

Mezarekin eta hamaiketakoarekin hasi dituzte zaindariaren eguneko ospakizunak. Arratsaldean, umeentzako ekintzak izango dituzte, eta Errautsak hauspotzen dokumentalaren emanaldia eta hitzaldia ere bai.

Ostiralean hasita asteburu osoa festa ekitaldietan murgilduta eman ondoren, aje itxurako astelehenak jaiegunarekin bat egin du gaur Errezilen. Gaur, azaroak 11, San Martin eguna da, eta udazkeneko jaietako zaindariaren eguna ospatzen ari dira, horrenbestez, Errezilen.

San Martin parrokian ospatu duten mezarekin ekin diote egunari, eta usadioa betez, elizatik irten bezain pronto Borondegin elkartu dira herritarrak, hamaiketakoaz gozatzeko.

Arratsaldean, beste bi hitzordu izango dituzte. 16:30etik aurrera, haurrentzako ekintzak egingo dituzte. Eta San Martin eguna borobiltzeko, 19:00etan, Trikigiro elkartearen Errautsak hauspotzen dokumentala ikusteko aukera izango da Borondegin; emanaldiaren ondoren, Trikigirokoek hitzaldia eskaniko dute.

Sanmartinen azken ekintzak, berriz, datozen bi asteburuetan izango dituzte, Jubilatuen Egunarekin eta bertso afariarekin. Hau da festak osatzeko geldituko diren hitzorduak:

Azaroak 17, igandea. Jubilatuen Eguna

  • 13:00. Meza nagusia.
  • 14:00. Jubilatuen bazkaria Borondegin, bertsolariekin eta trikitilariekin.

Azaroak 22, ostirala

  • 21:00. Bertso afaria Letea jatetxean. Bertsolariak: Sustrai Colina eta Aitor Mendiluze. Trikitilariak: Erkizi eta Manex Unanue.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide