Festetan segitzen dute Errezilen

Nerea Uranga 2024ko azaroaren 9a

Atzotik sanmartinak ospatzen ari dira Errezilen. Gaur bertso bazkaria izan dute Letea jatetxean eta arratsaldean haurrentzako jolasak eskolan. Goizaldera arte jaiak jarraitu egingo du Gozategi taldearen emanaldiarekin eta Naza DJarekin.

Sanmartinek aurrera jarraitzen dute Errezilen. Gaurkoan, bertso bazkaria izan dute 14:00etan hasita Letea jatetxean, eta dozenaka lagun bildu dira mahaiaren bueltan. Bazkalondoan Nerea Elustondok eta Unai Agirrek jardun dute bertsotan, eta musika, berriz, Haritz Garmendia eta Eneko Arbeo trikitilarien esku egon da.

Arratsaldean, berriz, Errezilgo guraso taldekoen laguntzarekin herriko gaztetxoenek jolasean ibiltzeko aukera izan dute bai San Martin herri eskolaren atarian, baita ikastetxearen barruko gimnasioan ere. Zaharrenek kanpoan nahiz barruan jardun dute jolasean, txikienek berriz eskolaren barruan. Gaurko jaietako ekitaldi denak ez dira horrekin bukatu. Izan ere, 20:00etatiik aurrera, sagardo eta pintxo dastaketa izango dute Errezilen, eta ondoren, Gozategi taldearen emanaldia eta Naza DJa.

Mertxe Egiguren eta Antton Garro San Martin herri eskolako irakasle ohiek bota zuten atzo festetako txupinazoa udaletxeko balkoitik, eta ordutik sanmartinetan murgilduta dabiltza Errezilen.

Egitaraua:

Gaur, larunbata:

  • 20:00. Sagardo eta pintxo dastaketa.
  • 23:00. Gozategi.
  • Ondoren, Naza DJa. 

Bihar, igandea:

  • 11:00. Haurrentzako krosa.
  • 14:00. Zahagi ardoa, zimitorioan.
  • 17:30. Herritarren arteko kirol erronka.
  • 19:00. Pintxo poteoa. Ondoren, bingoa Borondegin. 

Astelehena, azaroak 11, San Martin eguna:

  • 11:00. Meza nagusia. Ondoren, hamaiketakoa Borondegin.
  • 16:30. Haurrentzako ekintzak.
  • 19:00. Errautsak hauspotzen dokumentalaren emanaldia eta hitzaldia, Borondegin. 

Asteartea, azaroak 12, Jubilatuen eguna:

  • 13:00. Meza nagusia.
  • 14:00. Jubilatuen bazkaria Borondegin, bertsolariekin eta trikitilariekin. 

Azaroak 22, ostirala:

  • 21:00. Bertso afaria Letea jatetxean. Bertsolariak: Sustrai Colina eta Aitor Mendiluze. Trikitilariak: Erkizi eta Manex Unanue. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide