Motor Asteburuan murgilduta dago Errezil

Mailo Oiarzabal 2024ko ira. 21a, 15:15

Atzo eskolako umeekin saioa, hitzaldia eta gauez festa egin ondoren, gaur goizetik autoak eta motorzaleak protagonista dira herrian zein inguruetan. Gaueraino luzatuko dute bigarren jardunaldia ere, afariarekin eta kutsu bereziko herri kirol saioarekin, besteak beste.

Ardatz Motorsport kirol klub berriak antolatutako Motor Asteburua ez ohiko mugimendua eragiten ari da Errezilen atzo eta gaur.

Atzo, Gurutz Agirretxek gidatutako Bizi zaitez bizi hitzaldiarekin eta saioarekin hasi zuten, San Martin herri eskolan, Ardatzekoek prestatutako egitarau oparoa. Emakumeak Automobilismoan taldeko kideen hitzaldia izan zen bigarren hitzordua, arratsaldean, eta iluntzerako gorde zuten festa giroa, pintxo poteo-afariarekin eta Ardatz Motorsporten aurkezpenarekin.

Gaur, berriz, auto ikusgarriak eta motorzaleak nagusi izan dira goizetik herrian. Batetik, auto erakusketa egin dute eliza gaineko plazatxoaren bueltan; eta bestetik, hainbat auto klasikok Klik Rallya egin dute Urola bailaran zehar: Errezilen eta Errezil inguruan, antolatzaileek izendatutako sei tokitan argazkiak atera behar zituzten parte hartzaileek, eta, era berean, sei puntu horiek ahalik eta kilometro gutxien eginda lotzeko erronka zuten. Horrela, bi sari banatuko ditu argazki rally bereziak: kilometro gutxien egiten duenarentzat bat, eta argazki politenarentzat bestea.

Baina autoak ez ezik, bizikletak eta jostailuzko moto txikiak ere ez dira falta izan goizean Errezilen, horien gainean ibili baitira hainbat ume eta gaztetxo frontoian, Mini GP zirkuituan aurrera eta atzera, oreka eta koordinazioa landuz.

Rally afaria eta herri kirolak

Goizalderaino luzatuko dute Motor Asteburua Errezilen. Arratsaldean, Lokatzez Blai erakustaldia egingo dute, 18:00etan sari banaketa egin aurretik.

Gauean, berriz, rally afaria eta rally herri kirolak izango dira hitzordu nagusienak. 21:00etan elkartuko dira hainbat motorzale Letea jatetxean, eta 23:00etan hitzordua izango dute horiek zein herri kirolzaleek dantzalekuan. Han, Aimar Irigoienek, Olaia Esnaolak, Goenatxo III.ak, Garazi Ansak eta Mikel Larrañagak ez ohiko lanak izango dituzte: abiadura kaxa jasotzea, gurpil eramatea, palier biltzea, auto iraulketa eta auto mozketa.

Eta Motor Asteburua borobiltzeko, disko jartzaile batek jarritako musika izango dute.

(Argazkiak: Ardatz Motorsport eta Mailo Oiarzabal)

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide