Errezil eta Bidania-Goiatz arteko errepidea itxi egingo dute bihar, arratsaldera bitartean

Ane Olaizola

Errezil eta Trintxera arteko errepidea, artxiboko irudi batean. (Google)

Apirilean luizia izan zen lekuan hainbat lan egingo ditu aldundiak bihar, 07:00etatik 15:00etara artean, eta tarte horretan, guztiz itxiko dute zirkulazioa. Semaforoak kendu, eta bi noranzkoetan ahalbidetuko dute ibilgailuen joan-etorria. 

Gipuzkoako Foru Aldundiko Bide Azpiegituretako eta Lurralde Estrategien Departamentuak GI-2634 errepidea itxiko du bihar Errezil eta Bidania-Goiatz lotzen dituen 11+300 kilometro puntuan. Hain zuzen, joan zen apirilean luizia izan zen lekuan itxiko dute errepidea 07:00etatik 15:00etara artean, konponketa lanak egingo dituztelako.

Lur jausia gertatu zenetik, semaforo bidez bideratu du aldundiak hango zirkulazioa, eta orain, semaforoak zein hormigoizko hesiak kenduko ditu. Horien ordez, bestelako segurtasun hesi batzuk jarriko dituzte errepidearen ezpondan, eta bi noranzkoetan ahalbidetuko dute ibilgailuen joan-etorria.

Ordezkoa, Urraki

Aldundiak jakinarazi duenez, Ute Mendebaldea aldi baterako enpresa elkarteak gauzatuko ditu lanak, eta galtzada estutu egingo dutenez, ezin izango dute txandakako pasabiderik prestatu lanek irauten duten bitartean. Horrenbestez, lanek irauten duten bitartean Urrakiko mendatea zeharkatzen duen GI-3740 errepidea erabili dezakete gidariek.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide