Iraileko festa egunak ospatzen hasteko dena prest dute Zelatunen

Mailo Oiarzabal 2024ko abu. 26a, 17:14

2023ko iraileko azken igandeko erromeriaren une bat, Zelatunen. (Ihintza Elustondo)

Datozen bost igandeetan egingo dituzten erromerietan ariko diren trikitilarien izenak jakinarazi dituzte. Berotzen hasteko, San Joan Txiki ospatuko dute ostegunean Zelatungo bordetan.

Abuztuak "agur" eta irailak "kaixo" esango duten astean sartuta, festa usaina nabaritzen hasiak dira Hernioren magalean. Iraila eta bere igande guztiak izango dira aurten ere urteko egun seinalatuenak Zelatunen; eta horien atariko, nola ez, baita ostegunean ospatuko duten San Joan Txiki eguna ere.

Etzidamu, abuztuaren 29an, erromeria giroa nagusi izango da Zelatungo bi bordetan. Ohi dutenez, San Joan Txikiko festa bakoitza bere aldetik antolatu dute aurten ere, eta horrela, ostegunean Zelatunera joaten direnek bi erromeria izango dituzte aukeran: Xabier Etxanizek eta Lidia Irigoienek astinduko dituzte soinu txikia eta panderoa Antonioren Bordan, eta Arandia Anaiek, berriz, Agirretxe bordan.

Iraileko festak, aldiz, elkarrekin antolatu dituzte Zelatungo bordek. Aurten bost igande izango ditu irailak, eta bostetan egingo dute erromeria Zelatungo zelaietan, igande honetan hasita. Irailaren 1ean, 5ean, 15ean, 22an eta 29an ospatuko dituzte, hain zuzen ere, aurtengo festak Zelatunen, eta egun bakoitzean musikari bikote bat igoko da erromeriako oholtza txikira. Hauek dira aurtengo jaietan Zelatungo erromeriak girotuko dituzten trikitilariak: Jone Uria eta Julene Otegi, Laja eta Lutxurdio, Ansorregi eta Larrañaga, Ostolaza eta Larrañaga, eta Izer eta Alabier.

Etzirako tokia hartzeko

Dantzarako musika ez ezik, iraileko bost igandeetan Hernio aldera igoko diren milaka lagunentzako jan-edana ere pronto izango dute Zelatungo bordetan.

Iraileko igandeetarako ez, baina San Joan Txiki egunerako han bazkaldu nahi dutenei tokia gordetzeko aukera eskaintzen diete Zelatunen, bai Antonioren Bordan (665 74 06 92 edo 659 21 11 33 telefonoetara deituta har daiteke ostegunean bazkaltzeko tokia), bai Agirretxen (636 74 38 27 telefonora deituta).

Iraila Zelatunen

Hona hemen, iraileko erromerien egitaraua:

Abuztuak 29, osteguna. San Joan Txiki

  • Antonioren Bordan, Xabier Etxanizekin eta Lidia Irigoienekin erromeria.
  • Agirretxe bordan, Arandia Anaiekin erromeria.

Irailak 1, igandea

Trikitilariak: Jone Uria eta Julene Otegi.

Irailak 8, igandea

Trikitilariak: Laja eta Lutxurdio.

Irailak 15, igandea

Trikitilariak: Ansorregi eta Larrañaga.

Irailak 22, igandea

Trikitilariak: Ostolaza eta Larrañaga.

Irailak 29, igandea

Trikitilariak: Izer eta Alabier.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide