III. Errockmeria jaialdia egingo dute igandean Zelatunen

Unax LarraƱaga 2024ko uzt. 8a, 12:32

Datorren urteko Errockmeriko argazkia. (Unai Sorarrain)

Ithaka, Etxekalte, Muzak eta Kattalin eta Nenufarrak izango dira oholtza berezi honetan. Beertoki elkarteak antolatu du jaialdia, eta igandekoa izango da hirugarren edizioa. 

III. Errokcmeria jaialdia egingo dute Zelatunen igande honetan,12:00etan hasita. Aurtengoan, Ithaka, Etxekalte, Muzak eta Kattalin eta Nenufarrak taldeek joko dute. Beertoki elkarteak antolatu du jaialdia aurten ere. Elkarte hau artisau garagardoak eta musikak elkartzen dituen gazte talde batek osatzen dute.

Lau talde dira datorren igandean oholtza berezi honetan kontzertua eskainiko dutenak Errockmeriaren hirugarren edizioan: Ithaka, Etxekalte, Muzak eta Kattalin eta Nenufarrak. Hona talde bakoitzaren nondik norakoak:

Ithaka 2021ean Orioko eta Zarauzko lau gaztek osatzen duten taldea da. Josune Freire, Eneko Eizagirre, Arantza Igartua eta Leire Olariaga dira proiektu honi bizitza ematen dieten kideak. 2023ko azaroan plazaratu zuten beraien lehen lan luzea, Biluzten

Etxekalte Bizkaiatik dator, Bermeotik hain zuzen ere. 2022an Nor da norbera? lan luzea kaleratu ondoren, 2024an bi single plazaratu dituzte: Estali Nituen eta Inertziak. Unai Irisarri, Jonan Juarez, Iker Etxebarria eta Iñaki Olondok osatzen dute laukotea.

Muzak 2020an sortu zuten Ruben Irigoien (Elgoibar), Joanes Iñurrieta (Soraluze) eta Aitor Sagarmendik (Mutriku). 2023an kaleratu zituzten beraien azken lanak, Gezur mila singlea eta Irabaziak eta galerak EPa, post-rocka eta rock progresiboaren influentziarekin hasiz, metalaren eta poparen munduetan murgiltzeraino.

Kattalin eta Nenufarrak Jon Sagarna, Iñaki Rezusta eta Sara Iriarte goierritarrek osatzen dute. Eskualdean ohikoa ez den soul estiloko musika jorratzen du hirukoteak. 2023an kaleratu zuten Hubble disko laburra. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide