Ate joka dituzte San Antonio jaiak Errezilen

Intza Trula 2024ko eka. 5a, 11:30

Iazko San Antonio jaietako irudi bat. (Mailo Oiarzabal)

Ekainaren 13tik 16ra bitartean ospatuko dituzte Errezilen San Antonio jaiak. Lau egunetarako egitarauaren barruan herri afaria, bertso bazkaria eta paella jana antolatu dituzte, eta txartelak salgai daude jada.

Gero eta gutxiago falta da Errezilgo San Antonio jaietarako, eta herritarrak dagoeneko prest daude festei ongietorria emateko. Datorren ostegunean, ekainaren 13an, San Antonio egunarekin ekingo diete festei, eta igandera arte, ekainaren 16ra arte, luzatuko dituzte. Hori hala, jakinarazi dute lau egunetarako egitaraua, eta urtero legez, haurrentzako nahiz helduentzako jarduerak eta ekitaldiak antolatu dituzte: umeentzako jolasak, herri afaria, bertso bazkaria eta umeen esku pilota txapelketako finalak izango ditu, besteak beste, aurtengo egitarauak.

Hilaren 13an, osteguna, meza izango dute goizean, eta, ondoren, jaiei ofizialki hasiera emateko txupina botako dute. Jakinarazi dutenez, aurten Saiaz mankomunitateko gizarte zerbitzuetako kideek izango dute txupina botatzeko ardura. Eguerditik aurrera, haurrentzako jolasak izango dira, eta arratsaldean pintxo poteoaren eta bingoaren txanda izango da.

Jaien bigarren egunean, ostiralean, Tapa Tapa trikitixa eta pandero eskolako ikasleek ikasturte amaierako emanaldia eskainiko dute, eta jarraian gaztetxoen dantza emanaldia ikusi ahal izango da. 21:00etan izango da herri afaria, Gaztetandik elkarteak antolatuta. Afariaz gozatu nahi dutenek sarrerak erosteko aukera izango dute ekainaren 12ra arte, Letea jatetxean, Borondegin eta dendan. Helduen menuak 25 euro balioko du; haurrenak, berriz, 10. Afalostean, Itzal taldeak girotuko du plaza.

Ostiral gaua luzatzen dutenek larunbat goizean goiz izango dute lehen hitzordua: 07:00etan gaupaseroen argazkia aterako dute. Eguerdian bertso bazkaria izango da Lete jatetxean Andoni Egaña eta Nerea Elustondo bertsolariekin eta trikitilariekin. Bazkarirako txartelak erosteko azken eguna ekainaren 11 izango da. Lete jatetxean, Borondegin eta dendan eskuratu daitezke, 26 eurotan. Arratsaldean umeen jolasak egingo dituzte, eta jarraian sagardo eta pintxo dastaketa antolatu dute, Trikitxotx sagardotegi mugikorraren eskutik. Iluntzean dantzarako tartea izango da, Iratzar taldearen erromeriarekin.

Hiru egunen ostean oraindik parrandarako gogoz jarraitzen dutenek igandean, hilaren 16an, izango dute horretarako aukera. Herriko haurren esku pilota txapelketako finalak jokatuko dituzte lehenik, eta paella jana izango dute ondoren. Bazkarirako izen ematea Borondegin egin beharko da, ekainaren 12a baino lehen. Helduek 10 euro ordaindu beharko dute, eta haurrek 7. Eguna amaitzeko, herritarren arteko kirol erronka jokatuko dute plazan.

Honakoa da Errezilgo San Antonio jaietako egitaraua:

Ekainak 13, osteguna, San Antonio eguna

  • 11:00. Meza, San Antonio baselizan.
  • Ondoren, txupinazoa, Saiaz mankomunitateko gizarte zerbitzuen eskutik, eta hamaiketakoa Lidia eta Itzeder trikitilariek girotuta.
  • 13:00. Haurrentzat apar festa, eskolako atarian (eguraldiaren arabera bertan behera gera daiteke).
  • 16:00. Haurrentzat ekintzak, Inguru Abenturaren eskutik.
  • 19:00. Pintxo potea Erniopen eta Borondegin.
  • Ondoren, bingoa, Borondegin.

Ekainak 14, ostirala

  • 18:30. Tapa Tapa trikiti eta pandero eskolako ikasleen ikasturte bukaerako emanaldia.
  • 20:00. Gaztetxoen dantza emanaldia.
  • 21:00. Herri afaria, Gaztetandik elkarteak antolatuta. Afarirako txartelak Letea jatetxean, Borondegin eta dendan egongo dira saltzen ekainaren 12ra arte. Helduen menua 25 euro kostatuko da eta haurrena 10 euro.
  • Ondoren, Itzal taldearen eskutik erromeria.

Ekainak 15, larunbata

  • 07:00. Gaupaseroen argazkia.
  • 14:00. Bertso bazkaria, Letea jatetxean. Andoni Egaña eta Nerea Elustondo bertsolariekin, eta Julen eta Elaia trikitilariek girotuta. Txartelak Letea jatetxean, Borondegin eta dendan eskuratu daitezke ekainaren 11ra bitartean, 26 eurotan.
  • 17:00. Ume jolasak.
  • 20:30. Sagardo eta pintxo dastaketa Trikitxotxen eskutik. Helduak 15 euro eta haurrak 7 euro.
  • 23:00. Iratzar taldearekin erromeria.

Ekainak 16, igandea

  • 12:00. Herriko haurren esku pilota txapelketako finalak.
  • 14:00. Paella jana. Ekainaren 12a baino lehen izena eman beharko da Borondegin. Helduak 10 euro eta haurrek 7 euro. 
  • 18:30. Herritarren arteko kirol erronka. * Egun guztian zehar Zampano garagardoa dastatzeko aukera izango da.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide