Errezilen ere salatu dute zaintza sistemaren egoera; greba feminista orokorrarekin bat egin dute hainbat herritarrek eta eguerdian bildu dira manifestaziorako. Saiaz mankomunitate mailakoa izan da mobilizazioa; hau da, Beizamako, Bidania-Goiazko, Errezilgo eta Albizturko mugimendu feministetako kideek deitu dituzte herritarrak martxara.
12:00etan bildu dira herriko frontoian, manifestaziorako aldarriz betetako pankarta eta kartelak prestatzeko. Ordubete beranduago, hain zuzen, udaletxe aurrean bildu da lagun mordoa, eta herria zeharkatu dute "utzi zaintza prekarizatzeari" eta "sistema publiko eta komunitarioa orain" oihukatuz.
Mobilizazioa amaitutzat eman aurretik mugimendu feministako kide batek hartu du hitza udaletxe azpian; besteak beste, egun zaintza sistemak dituen gabeziak azpimarratzeko eta gaur mobilizazioan egon ezin izan duten langileei babesa adierazteko baliatu du tartea.
Arratsaldean, aldiz, 17:15ean elkartuko dira udaletxe aurrean, Tolosara joan eta bertako manifestazioarekin bat egiteko. Mugimendu feministako kideek herritar guztiak animatu dituzte arratsaldeko hitzordura.