Errezilgo alkatea

Xebero Agirretxe: "Udalaren egoera ez da kriskitinak jotzekoa, baina ez dugu zorrik"

Anartz Izagirre 2021eko abuztuaren 3a

Bigarren agintaldia du Xebero Agirretxek (Errezil, 1958) Errezilgo alkate karguan. Azken urtea "oso gogorra" izan dela azpimarratu du, baina "gustura" dagoela 2020a zorrik gabe amaitu zutelako.

Bigarren agintaldia duzu Errezilgo alkate postuan, eta dagoeneko bi urte pasatu dira berriro kargua hartu zenuenetik. Nolakoak izan dira azken urteak?

Bi urte hauek bi zatitan banatuko nituzke. Izan ere, hasieran, jende berriarekin eta ilusioz heldu genion agintaldi berriari. 2020. urtea iritsi zenean, aldiz, koronabirusak eragindako egoera tamalgarri hau heldu zen, eta alkate postuan daramatzadan sei urteetatik gogorrena egin zaidana izan da azken urtea. Joan zen martxotik hasi eta gaur arte ez da erraza izan egoera kudeatzea. 2020ko aurrekontuak onartu ostean, urtea planifikatzen ari ginen proiektuak martxan jartzeko, baina koronabirusagatik hainbat kontu aldatu beharra izan genuen, egoerak hala eskatzen zuelako. Guk, bereziki, Gizarte Zerbitzuei eman genien garrantzia, eta adinekoen zaintzara bideratu genituen indarrak; udaleko administrariek tramankulu guztiak hartu eta etxetik egin behar izan zuten lan. Arraro sentitu ginen, baina horretara ere ohitu gara.

Pandemiaren ikuspegitik, egun nola ikusten duzu egoera Errezilen?

Errezil baserri giroko herria da, eta kontziente gara herri handietan baino hobeto egon garela hemen. Dena den, hainbat neurri hartzen dituzu, eta batzuetan ez dakizu ondo edo gaizki egiten ari zaren. Sarri biltzeko ohitura genuen pandemiaren aurretik, eta iritziak elkarbanatzen genituen; egoera honengatik, ordea, denbora luzez egon gara bildu gabe. Herritarrak dagoeneko erreta ikusten ditut egoeragatik.

Errezilgo Udala zorpetuta egon da urte askoan eta egoerari buelta ematea lortu duzue. Zein da udalaren egoera ekonomikoa?

2015-2019 agintaldian izan nintzen lehen aldiz alkate, eta Bildu 2011-2015 agintaldian udalera sartu zenean, oso egoera txarra topatu zuen; urte gogorrak pasatu ditugu. 2016. urtean Gipuzkoako Foru Aldundiarekin genuen plan ekonomikoa ohiko baremoetara itzuli zen, eta hainbat proiektu gauzatu ahal izan genituen joan zen agintaldian. 2019-2023 agintaldirako ere baditugu aurreikuspenak, eta geldialdia egon arren, ongi ari gara egokitzen egoerara. Zorra bere bidea ari zen egiten, eta 2020. urtea zorrik gabe amaitu ahal izan genuen. Momentu honetan udalaren egoera ez da kriskitinak jotzekoa, baina ez dugu zorrik. Zenbait proiektu garrantzitsu ditugu esku artean, eta berriro zorpetu beharko genuke horiek aurrera eramateko. Uste dut pare bat urte itxaron beharko genukeela horretarako.

Izurriak asko eragin al du zuen epe motzeko eta luzeko proiektuetan?

Apur bat bai. Joan zen urtean proiekturen bat edo beste egin gabe utzi behar izan genuen COVID-19ak eragindako egoeragatik, eta lehentasunak markatu genituen. Esaterako, eskolako sarreraren irisgarritasuna hobetu genuen, arriskutsua baitzen, eta horrekin batera, herriko komun publikoak berritzea zen gure asmoa, baina ezin izan genuen proiektu hori gauzatu. Bestalde, pandemia iritsi baino lehen herriko argiteria guztia berritu genuen.

Joan zen agintaldian ez bezala, Errezilgintza alderdia ere badago orain udalean. Nolakoa da haiekin duzuen harremana?

Ona. Egunerokotasunean ez gara asko egoten elkarrekin, baina osoko bilkuretan-eta elkartzen gara. Gure iritzia elkarbanatzen dugu haiekin, eta haiek ere bai beraiena gurekin.

Errezilgo biztanleria jaisten ari da urtez urte, eta gazteek herrian bizi nahi dutela agertu zuten etxebizitzaren inguruan egin zenuten galdeketan. Egun nola dago kontu hori?

Zintzilik dugun gaia da hori. Duela hiruzpalau urte egin genuen galdeketa, eta ezustekoa hartu genuen orduan. Gazteek herrian gelditu nahi dute bizitzen, baina herrigunean baino nahiago dute baserrietan bizitzea; adibidez, baserrietan etxebizitza berriak egin nahi dituztela adierazi zuten inkestan, edo baserriak zaharberritu nahi dituztela. 2015-2019 agintaldian ekin genion kontu horri, eta orain, onartzear egongo dira arau horiek Gipuzkoako Foru Aldundian. Behin aldundiak arau horiek ontzat emanda, behin betiko onartuta geldituko lirateke. Horrez gain, herrigunean ere badago mugimendu apur bat; aspalditik geldirik zegoen eraikin baten eskeletoa dago udaletxearen atzealdean, eta bi etxebizitza egingo dituzte bertan.

Aurrekontuaren zati handi bat baserri bideak konpontzera bideratzen duzue urtero. Aurten egingo al duzue halako lanik?

Urteroko dinamikari eusten ari gara. Gutxi gorabehera 100.000 euroko inbertsioa egiten dugu urtero, eta aurten Ezama auzoan tokatzen da lan horiek egitea; lau kilometro eta erdiko auzoa da, eta oso izorratuta dago. Beraz, pixkanaka egin behar dira lanak.

Ur saneamendu sistema hobetzearen gaia ere esku artean duzue.

Herri osoko arazketa egitea da egitasmo horren funtsa, eta aurtengo aurrekontuan sartu dugu gai horren inguruko proiektua egitea. Gero, bizpahiru fasetan banatu beharko ditugu lanak, eta asmoa da datorren urtean zati bati behintzat heltzea. Ur zikinak eta euri urak banatuko dituen sarea ezarriko da; izan ere, egun, ur horiek denak batera joaten dira herriko eremu batean.

Ekonomiari dagokionez, lehen sektoreak indar handia du Errezilen. Zein da egoera?

Egoera ez da hobetzen ari, lehengaiak garestitzen ari baitira eta ekoizpena lehengo prezioetan baitago. Hala ere, mantentzen ari dela esango nuke.

Nola irudikatzen duzu Errezil hemendik hamar urtera?

Lehen sektorea mantentzea, baserriei bizirik eustea eta jendea baserrietan bizi dadin lortzea gustatuko litzaiguke. Aldi berean, herrigunean etxebizitzak sustatzea ere nahiko genuke, despopulazioari aurre egiteko.

Beste bi urte falta dira agintaldia agortzeko. Zeintzuk izango dira zuen erronkak eta helburuak datozen bi urteetan?

Agintaldiko programa oso xumea egiten dugu guk. Urtez urte joaten gara esku artean ditugun egitasmoei eusten; adibidez, lehen aipatu ditugun baserri bideen proiektuarekin eta ur saneamendu sistema hobetzearen kontuarekin jarraituko dugu datozen urteetan. Horiez gain, baditugu beste proiektu batzuk buruan; esaterako, frontoian harmailak ezartzea nahiko genuke. Gure urteko aurrekontua ez da handia izaten, baina egitasmo horiekin guztiekin jarraituko dugu.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide