Datorren urtean udal tasa eta zerga guztiak bere horretan uztea erabaki du Errezilgo Udalak. Urriaren 1ean egindako osoko bilkuran eman zieten onarpena datorren urtean udalerrian indarrean izango diren Ordenantza Fiskalei. Horrela, alegazioak aurkezteko epearen ondoren —azaroak 18— aldaketarik ez bada, tasa eta zerga horiek indarrean izango dira datorren urtarrilaren 1etik aurrera. Aho batez onartu dituzte udal ordezkariek datorren urterako Ordenantza Fiskalak.
Udal tasetan eta zergetan igoerarik ez dute egingo beraz, baina aldaketa bat egingo dute Ordenatza Fiskaletan. Hain zuzen ere, hilerriko tasetan kontzeptu berri bat sortu dute, gorpuzkinak eta errautsak lekuz aldatzeri edo lurperatzeari dagokiona. Orain arte, hiru modalitate aurreikusten zituzte: lurpean hilobiratzea, nitxoan hilobiratzea eta panteoian hilobiratzea. Aurrerantzean, baina, laugarren kontzeptu bat ere jasoko dute herriko Ordenantza Fiskalek: gorpuzkinak eta errautsak lekuz aldatzea edo lurperatzea, hain zuzen.
Errezilen, normalean, urtero igo ohi dituzte udal tasak eta zergak. "Nahiago izaten dugu urtero igoera txiki bat egin, zenbait urtean behin igoera handi bat egin baino, herritarren poltsikorako eramangarriagoa delako", azaldu Xebero Agirretxe alkateak. Datorren urteari begira, ordea, daudenean lagatzea erabaki dute; "urte zelebrea izan da, eta erabaki horixe hartu dugu".