Errezilgo Udalak dirulaguntzen 2020-2022 Plan Estrategikoa osatu eta onartu du. Modu horretan, diruz lagunduko dituen arloak eta proiektuak zeintzuk diren zehaztu ditu udalak. Kirolaren, kulturaren, euskararen, hezkuntzaren eta gazteriaren sustapena dira udalaren lan lerroetako batzuk. Horiek ez ezik, gizarte gaietan sakondu eta "kalteberatasun egoeran" dauden herritarren gizarteratzea ere sustatu nahi du Errezilgo Udalak. Hain zuzen ere, garraiorako banakako dirulaguntzak, eta drogomenpekotasuna duten nahiz menpekotasun psikologikoen tratamenduetara joaten diren herritarrentzat laguntza eskainiko du.
Hezkuntzaren arloan, herrian "hezkuntza berrikuntza sustatzea" eta herriko kultur eskaintza hobetzea dira udalak Plan Estrategikoan jaso dituen helburuetako batzuk, eta Errezilgo herriko eskolako Toki Alai guraso elkartea diruz lagunduko du, besteak beste, urtean zehar hainbat ekintza antolatu ditzan. Lerro horretan sartu ditu udalak Errezilgo haur eskola nahiz bertan bertsolaritza sustatzeko laguntzak ere. Bestalde, herriko haurren, nerabeen eta gazteen esparruan lan egiten duten eragileentzako laguntza ere emango du, horiek urtean zehar jarduerak eta programak garatu ditzaten.
Udalak kultur sustapenerako ere dirulaguntza lerro bat jarri du, herriko kultur eragileek ekimenak antolatu ditzaten. Lerro horren helburuak dira, besteak beste, "euskal historiaren eta kulturaren balio propioak transmititzeko" programak eta jarduerak diruz laguntzea eta askotariko diziplina artistikoetara —musika, dantza, ikus-entzunezkoak, arte plastikoak etab.— bideratutako jarduerak babestea, zabaltzea zein sustatzea. Aldi berean, kirol jarduerak sustatzeko zein kirol instalazioak hobetzeko laguntzak ere emango ditu udalak.
Euskararen sustapenerako ere diru partida bat bideratu du Errezilgo Udalak, eta Urolako Komunikazio Taldeari (UKT) laguntza emango dio tokiko euskarazko komunikabideen bideragarritasuna bermatzeko helburuarekin. Horrez gain, adin nagusiko herritarrek euskara ikas dezaten laguntza eskainiko du, eta Euskal Herrian euskararen erabilera sustatzeko eta normalizatzeko sortzen diren jarduera zehatzak ere diruz lagunduko ditu.
Honako proiektu hauetara bideratuko ditu dirulaguntzak udalak: