Uraren eta zaborraren tasak eta ibilgailuen zerga %1 igoko dituzte Errezilen

Mailo Oiarzabal 2019ko urriaren 23a

Iaz ere igoera berbera onartu zuten hiru zerbitzu horietan, eta "progresibitate printzipioari eustea" erabaki dute. Aho batez onartu dituzte 2020rako Ordenantza Fiskalak urriko bilkuran.

Errezilgo Udalak hasierako onarpena eman die datorren urtean udalerrian indarrean izango diren Ordenantza Fiskalei. Horrela, Errezilgo biztanleek 2020an ordainduko dituzten udal tasa, zerga eta prezio publikoak zehaztu dituzte. Alegazioak aurkezteko epearen ondoren aldaketarik ez bada, joan den urriaren 3ko udal osoko bilkuran onartutako tasak eta zergak indarrean izango dira, beraz, datorren urtarrilaren 1etik aurrera. Aho batez onartu dituzte udal ordezkariek datorren urterako Ordenantza Fiskalak.

Trakzio mekanikodun ibilgailuen gaineko zerga, ur horniduraren zerbitzuei dagokion tasa eta zabor bilketa zerbitzuaren tasa igotzea erabaki du udalak. Hiru kasuetan, %1ekoa izango da igoera. Igoera berbera izan zuten iaztik aurtengora zerga eta tasa horiek. "Progresibitate printzipioari eustea" lehenetsi dutela azaldu du Xebero Agirretxe alkateak: "Udal batzuetan zergak eta tasak izoztearen aldeko hautua egiten dute ahal dutenetan. Gure filosofia, ordea, igoerak modu progresiboan egitea da, herritarrei poltsikoan ahalik eta gutxien erasanez, baina hiru edo lau urtean ukitu gabe utzi eta gero kolpera dezenteko igoerak egin gabe, beti ere".

Prezio gehienak, mantendu

Gainerako tasa nagusi guztien kopuruak berdin mantenduko dituzte datorren urtean. Horrela, hilerriko tasa zein gimnasiokoa aurtengoaren igoalak izango dira.
Umeen dantza ikastaroen eta pilatesekoen prezioak ere mantendu egingo dituzte. Trikiti eta pandero ikastaroek, aldiz, euro eta erdiko igoera izango dute erabiltzaileentzat. Ikastaro horietan ume bakoitzaren kostuaren erdia udalak ordaintzen du.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide