Diskoa grabatu dute Errezilgo eta Aramaioko trikiti eskoletako kideek

Erabiltzailearen aurpegia Julene Frantzesena 2018ko aza. 23a, 10:15

Uda sasoian aritu dira '61,4 kilometro' diskoa grabatzen. Errezilgo 30 bat trikiti ikaslek parte hartu dute grabaketetan. Diskoak "aurki" salgai jartzea aurreikusten dute.

Errezilgo trikiti ikasleak grabaketetan, Huntza taldeko kideekin. (Manex Torrealdai) Errezil eta Aramaio, Urola Erdia eta Debagoiena: 61,4 kilometro. Hain zuzen ere, distantzia hori dago Gipuzkoako bi herrien artean, baina hori ez da aitzakia izan bi herrietako trikiti eskolek proiektu bat elkarlanean gauzatzeko. Izan ere, Errezilgo eta Aramaioko trikiti eskolek disko bat grabatu dute, eta bi herrien arteko distantzia jarri diote izenburu: 61,4 kilometro. Manex Torrealdai (Usurbil, 1992) da Errezilgo trikiti eskolako irakaslea. Aurtengoa hirugarren ikasturtea du Errezilen, eta ikasleei trikitiarekiko harra pizteko, ikasturtero proiektu bat egitea gustatzen zaiola azaldu du. "Aramaioko trikiti irakaslea lagun mina dut, eta hura ere nire antzekoa da eskoletan erabiltzen duen metodologiari dagokionez. Elkartu eta hitz egiten hasi ginen, eta otu zitzaigun disko bat grabatu genezakeela elkarlanean; izan ere, bi eskolak txikiak dira bakoitzak bere kasa disko bat grabatzeko". Eta halaxe, otu eta egin: diskoa sortzeko prozesuan murgildu ziren bi eskolak uda baino lehen. Errezilgo trikiti eskolan 30 bat ikasle dabiltza gaur egun, Aramaiokoan 40 inguru, eta horiek guztiek parte hartu dute diskoaren grabaketan. Ekainean hasi ziren grabaketekin, Mutrikuko AME estudioetan. "Axular Arizmendi da estudioaren arduraduna. Laguna dugu, eta bertan egin ditugu grabaketak", azaldu du Torrealdaik. "Egutegia egin genuen Errezilgo eta Aramaioko ikasleek libre zituzten egunak kontuan hartuta, eta ekaineko hiru astetan, astegunetan, aritu ginen grabatzen. Hala ere, luzatu egin zen prozesua, eta uztailean eta abuztuan ere egin dugu hainbat buelta estudiora; irailean ere bai". Kantaka eta bitan banatuta egin dute diskoa grabatzeko prozesua: "Kantak irakasleok aukeratu genituen, ikasleekin pentsatuta; izan ere, adin eta esperientzia maila desberdinetako ikasleak ditugu, eta abestiak horientzat egokiak izan zitezen saiatu gara. Dena den, Aramaioko ikasleek eta Errezilgoek aparte egin dituzte grabaketak, denek batera egitea oso zaila zelako". Torrealdaik esker hitzak izan ditu ikasleen gurasoentzat, haurrak estudiora eramaten-eta asko lagundu dutelako. Emaitzarekin "gustura" Errezilen 6 eta 24 urte bitarteko ikasleak ditu Torrealdaik, eta hark azaldu duenez, «ederra» izan da horiek denak elkarrekin diskoa grabatzen aritzea. "Nahasketa ederra izan da; izan ere, trikiti txapelketetan aritzen den jendea eta panderoa edo soinua ikasten iaz hasi ziren ikasleak elkarrekin aritu dira proiektua gauzatzen". Trikiti irakaslea "gustura" dago diskoa grabatzeko jarraitu duten prozesuarekin eta emaitzarekin. Dena den, argi utzi du diskoaren emaitza ez zutela helburu: "Helburua zen prozesua bizitzea: grabaketa aurreko prozesua, entseguak, grabazioak, talde lana... Ikasleek horiek probatzea nahi genuen". Gainera, hainbat gonbidatu berezi ezagutzeko aukera izan dute ikasleek; Huntza taldeko hainbat kidek Errezilgo ikasleekin egin dituzte grabaketa batzuk, baita Josu Furundarenarekin eta Eneritz Aulestiarekin ere. "Ikasleek halako artistekin diskoa partekatzea oso polita izan da. Umeen aurpegiak ikustea... Kantaren emaitza ez zitzaidan axola, umeak disfrutatzen ari ziren eta. Hori da balio duena". Prozesua "gogorra" izan dela ere aitortu du irakasleak: "Gora-beherak izan dira prozesuan, baina esperientzia oso polita izan da, eta horrekin gelditzen naiz". Diskoak "galduta" Diskoek kalean behar zuten, baina bidean "galdu" egin zaizkie. "Madrildik eskatu genituen diskoak, eta berez, duela hilabete iritsi behar zuten, baina bat-batean, bidean galdu egin ziren, eta ez dira oraindik iritsi". 500 disko daude galduta, baina ikasleei bana banatzeko adina bidali dizkie diskoak egin dituen enpresak. Bien bitartean, gainerakoen zain jarraitzen dute. "Aurkituko dituztela espero dut, eta bestela, beste nonbait entzungo dituzte disko horiek", esan du Torrealdaik barre artean. Izan ere, ez daude 61,4 kilometro soilik Madril eta Errezil artean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide