Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Uraren eta zaborraren tasak eta trakzio mekanikodun ibilgailuen gaineko zerga %1 igotzea erabaki du EH Bilduk. Beste zerga eta tasa guztiak bere horretan mantenduko dituzte.
Joan zen urriaren 6an egin zuten hil hari zegokion udalbatzarra Errezilgo Udalean. Besteak beste, 2017rako Ordenantza Fiskalak izan zituzten eztabaidagai, eta EH Bilduk onartu zuen tasa eta zerga gehienak izoztea. Aldiz, uraren eta zaborraren tasak eta trakzio mekanikodun ibilgailuen gaineko zerga %1 igotzea erabaki zuen.
Xebero Agirretxek azaldu duenez, tasak eta zergak "progresiboki" igotzearen aldekoak dira. "Tasak-eta izoztuta eduki, eta hiru urtera igoera handi samarra ezarri baino nahiago dugu pixkanaka igotzea. Helburua da aldaketek herritarrengan ahalik eta gutxien eragitea. Uraren, zaborraren eta ibilgailuen tasa %1 igotzea tarteko, ehun euroko erreziboko euro bateko igoera jasango dute herritarrek".
Ondasun Higiezinen Gaineko Zergari (OHZ) dagokionez, ez du aldaketarik egingo udalak. Agirretxek dioenez, "tipoa ez aldatzea" erdietsi dute: "Aldundiak Errezilen balio katastrala eguneratu du, eta erabaki dugu aldaketarik ez egitea OHZn, tipoa igotzeak edo jaisteak herritarrei eragingo liekeelako. Batez beste igo egin da Errezilen balio katastrala. Hala eta guztiz, higiezin industrialen balioa zertxobait jaitsi da, eta ez genuen bidezkoa ikusten haien tipoa igotzea eta etxebizitzena jaistea".