Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Udalak jarri du abian egitasmoa, eta helburua herriguneko zerbitzuen jarraipena bermatzeko urratsak egitea da. Dendaren etorkizunarekin kezkatuta daude.
Herriguneko zerbitzuen inguruko galdetegi bat prestatu du Errezilgo Udalak. Inkestarekin nahi dute 16 urtetik gorako herritarrek iritzia ematea udalerrian eskaintzen diren zerbitzuez. Iñaki Yurrebaso soziologoak lagundu die galdetegia prestatzen, eta hura izango dute bidelagun emaitzak sailkatzeko ere. Etxez etxe banatu dituzte orriak zinegotziek, eta martxoaren 14a, astelehena, bitartean dago denbora erantzuteko. Anonimoa da, eta honako lekuetan utz daitezke paperak: udaletxean, Akerra elkartean, Borondegin, dendan edo Erniopen. Horretarako postontzi batzuk jarri dituzte.
Herriko zerbitzu, saltoki eta halakoak hobetzea eta haien garapenean laguntzea du helburu erakundearen egitasmoak. Errezilgo dendako arduradunek azaldu diete udal ordezkariei gero eta bezero gutxiago dituela saltokiak, herritarrek han erosteko "ohitura galdu" dutelako. Bi langileetako batek erretiroa hartuko du aurki, baina kezkak dituzte jarraipenaren inguruan. "Dendaren etorkizuna argitzeko, baliagarria izan daiteke inkesta", azaldu dute Errezilgo udal ordezkariek. Izan ere, herriguneko zerbitzuen "jarduna bermatzea" nahi du erakundeak.
Horretarako, inkestaren bidez, herritarrei galderak egin dizkiete beraien ohituren inguruan eta dendak eskain ditzakeen produktu edo zerbitzuei buruz. Herriko beste gune batzuen inguruan ere galdetu dute: duela gutxi itxi duten ileapaindegiaz eta Borondegiko tabernaz.
Bestalde, Errezilgo gainontzeko zerbitzu orokorren inguruan ere iritzia emateko aukera jarri dute: mediku zerbitzua, posta, auzo etxea, liburutegia eta Akertxoko. Udalaren erabakien eta kudeaketaren inguruan ere ekarpenak egin ditzakete.
Nekane Zinkunegi udal zinegotziak esan du beraiek ez dutela "erantzun magikorik" eskura, baina ikusiko dutela zer egin dezaketen, Urkome Urola Kostako Landa Garapeneko elkartearekin batera. "Gauza batzuk ez dira egongo gure esku, baina laguntzen saiatuko gara", azaldu du. Kontzientzia pizteko tresna gisa ere nahi dute erabili inkesta: "Herritarrek dendarik gabe gelditzeak zer eragin izan ditzakeen pentsatzea ere nahi dugu. Izan ere, askotan ez diegu garrantzia ematen ditugun baliabideei, kentzen diren arte".
Udal taldea kezkatuta dago gaiarekin, saltoki bat baino gehiago delako herriko denda; alegia, bestelako enkarguetarako ere erabiltzen delako. Gaur ohiko udalbatza egingo dute 21:00etan, eta alokairuaren kuota berrikusiko dute. Herritarrak ere joan daitezkeela gogorarazi dute.