Atzo Azpeitiko udaletxean egindako bilera. (Azpeitiko Udala)
Gipuzkoako Foru Aldundiak eskatu dio Azpeitiko Udalari Beizama eta Azpeitia arteko ibilbidean autobusentzat geltoki berriak jartzeko. Erakundeak ohar baten bidez adierazi duenez, "eskaera ugari" jaso dituzte, batik bat, Nuarbe eta Urrestilla arteko zatiari dagokionez. Marisol Garmendia Mugikortasun saileko diputatuak esan du errepide horretan ez dagoela "behar bezalako lekurik".
Horren aurrean, Azpeitiko Udalak adierazi du Nuarben geltokia egiteko proiektua abian dela jada, eta aurten jarriko dutela gunea. Gainontzeko eskaerak ere aztertuko dituztela esan du Aitor Bereizartua Zerbitzu Orokorretako zinegotziak. Dena den, azaldu du prentsaren bidez izan duela diputazioaren eskaeraren berri: "Urrian bilera bat egin genuen autobusen erabiltzaileekin, eta horren berri eman genion aldundiari: ez dugu erantzunik jaso oraindik".
Azpeitia eta Beizama arteko ibilbidean sei geldialdi egiten ditu Lurraldebuseko autobusak, geltokiak ez dauden guneetan. Hori dela-eta, Garmendiak esan du "behartuta" daudela geltokietara bazterbiderik ez duen errepide izkinetatik joatera, horrek dakarren "arrisku eta guzti".
Eskola haurren gurasoenak izan dira kexa gehienak. Ikastetxe kontzertatuek eskaintzen zituzten autobusak kendu dituzte. Eskolek erabaki dute, murrizketak tarteko, garraio horiek kentzea. Beraz, eskolara joateko zerbitzu publikoak erabiltzea proposatu zitzaien, baina haien baldintzetara egokitu beharko luketeela esanez. Kexak sortu zituen horrek, guraso eta umeentzat aldaketak eragin zituelako.
Atzo izan zuen udalak eskolako garraioaren erabiltzaileekin bilera. Haien zalantzei eta eskaerei erantzuteko asmoarekin antolatu zuen bilera erakundeak. Hizpide izan zituzten, besteak beste, geltokiak, ordutegiak edo erabilera tasak.
"Urgentziazko" bilera gaur aldundian
Larunbat honetatik aurrera aldatuko dituzte Azkoitia-Donostia ibilbideko ordutegiak eta geltokiak, Donostiako geltoki berriaren inaugurazioarekin batera. Aldaketen artean, Amara auzoko geltokia kenduko dute.
Herritar ugari kexatu ziren urtarrilean, erabaki horren berri izan zutenean. Sinadura bilketa abiarazi zuen herritar batek, eta 1.600 sinaduratik gora bildu zituen. Egoeraren aurrean, "urgentziazko bilera" eskatu zuen Azpeitiko Udalak, eta gaur bilduko dira bi erakundeak.