Errezilgo udaletxea (Nerea Uranga/Hitza)
Errezilgo Udalak onartu ditu 2013ko aurrekontuak. Sarrerak behera egingo dutela aurreikusi, eta gastuak murriztu egin ditu iazkotik, udalaren «egoera ekonomiko txarraren ondorioz». Aurrekontu orokorra 772.962, 50 eurokoa izango da, eta sarrerak adinako gastuak izango dituelakoan da udala aurten, iaz ez bezala. Iaz 929.470 euroko sarrerak izan zituen udalak, eta 871.678 euro gastatu zuen.
Aurten, beraz, iaz baino %16, 84 sarrera gutxiago izango ditu Errezilgo Udalak. Eta horren aurrean, gastuak murriztea erabaki du; %11,33, zehazki. Egoera ekonomikoak goitik behera baldintzatu ditu udalaren kontuak, eta horregatik egin behar izan dituzte murrizketak zenbait alorretan udal ordezkariek.
Hori hala izanik, bigarren urtez jarraian, Errezilgo Udalak ez du aurreikusi inbertsiorik aurrekontuetan. Dena den, Errezilgo alkate Maria Jesus Salsamendik nabarmendu du herriko haurreskolari laguntzeko hautua egin duela udalak, eta horregatik haurrak bertan inskribatzen dituztenei matrikularen %25a udalak ordainduko dei. «Hori izango da aurreikusi dugun inbertsio nagusia».
Luiziak, gastu nagusiak
Alkateak berretsi du 2011n izandako uholdeen ondorioa dela udalaren egungo egoera ekonomikoa. Orduko euriteek kalteak eragin zituzten baserri bideetan eta herrian. Horrez gain, aurtengo gastu handiena Domusa enpresaren eta Larrarte baserriaren ondoan izandako luiziak eragindako kalteak konpontzea izango dela adierazi du. Udalak jakinarazi du Gipuzkoako Foru Aldundiari diru-laguntza eskatuko diola, eta horretarako tramitazioa amaitzear duela. Obrei dagokienez, berriz, oraindik ez dituzte lan guztiak amaitu, baina datozen egunetan burutzea aurreikusi dute. Hala ere, eguraldiak zeresana izango duela nabarmendu du, lanak amaitzeko lurrak lehorra egon behar baitu. Dena den, aurrekontuetan lehentasunezko puntuak izango dira bi guneak konpontzea, alkateak adierazi duenez.
2013ko aurrekontuak Bilduren aldeko lau botorekin eta Errezil Herrin Alde alderdiaren abstentzioarekin.