Gipuzkoako Diputatuen Kontseiluak hainbat neurri hartu zuen herenegun; tartean, Errezilgo Udalaren zorpetzea berregituratzeko neurriak ontzat jo zituen. Hala azaldu zuen prentsaurrean Larraitz Ugartek, Gipuzkoako Foru Aldundiko bozeramaileak. Ondorioz, Errezilgo Udalak 115.000 euroko mailegua eskatzeko foru proiektua onartu du. Orain, ordea, mailegua baimentzea Batzar Nagusietako Ogasun Batzordeak erabaki beharko du. Errezilgo Udaletik azaldu dutenez, Batzar Nagusiek abenduaren 12ko batzarrean erabakia berrestea espero dute.
Errezilgo Udalaren egoera ekonomiko-finantzarioari aurre egin nahi zaio neurri honekin. Errezilgo Udalak duen zorrak udalaren aurrekontuaren %100 gainditzen du. Beraz, mailegu beharra dauka. «Udalaren zorra dezentea da, eta derrigorrez dirua behar du udalak», azaldu du Errezilgo alkate Maria Jesus Salsamendik (Bildu). Baina zorrak aurrekontua gainditzen duenez, Gipuzkoako Batzar Nagusien baimena behar du udalak hura eskatu ahal izateko.
Zorpetzea berregituratzeko neurriak ontzat jo ditu Diputatuen Kontseiluak, udalak egindako bideragarritasun plana kontuan hartuta. Errezilgo Udalak 2012-2022 urte arteko plan ekonomikoa egin du. «Hemendik aurrera urterik urte plan ekonomikoa zurrun bete beharko dugu. Orain, datorren urteko udal aurrekontuekin hasiko gara lanean, plan ekonomikoa zehatz jarraituz», azaldu du Errezilgo alkateak.
Egoera «onbideratzea»
Maileguaren bidez lortutako 115.000 euroekin, zorpetzea berregituratuko du Errezilgo Udalak. Gipuzkoako Foru Aldundiko bozeramaile Larraitz Ugartek azaldu duenez, Errezil gaur egun aurreko agintaldian egindako «inbertsio handiak» ari da ordaintzen. Mailegu berri horrek zorpetze muga gainditzen lagunduko du, eta udalaren egoera ekonomikoa «onbideratzeko» balioko duela uste du Aldundiak. Orain, mailegua baimendu ala ez, Batzar Nagusietako Ogasun komisioak erabaki beharko du. Batzar Nagusien abenduaren 12ko batzarrean onartzea espero dute Errezilgo Udaleko arduradunek.
Mutrikuko Udala ere Errezilgo Udalaren antzeko egoeran dago, zorpetuta. Eta Mutrikuk mailegua eskatzea onartu dute Batzar Nagusiek.