Beizamako sanpedroak 2026

Festetako bigarren eguna herri afariarekin borobildu dute beizamarrek

Aitziber Arzallus 2026ko ekainaren 28a

Goizean mendi buelta, arratsaldean karta jokoak eta toka, eta iluntzean herri afaria eta dantzaldia; atzokoa ere egun bete-betea izan zuten Beizaman. Festen erdi parera iritsi dira dagoeneko, baina oraindik beste bi egun dituzte aurretik. Gaur, eguerdira bitartean, pilota partidak eta artisauen azoka izango dira; eta arratsaldean, herri kirol erakustaldia.

Ostiral eguerdian sanpedroen hasierako suziria bota zutenetik, jardueraz jositako egitaraua zintzo betetzen ari dira beizamarrak. Atzo, San Loreto ermitara ibilaldia eginez hasi zuten eguna, eta arratsaldean, karta jokoan eta tokan aritu ziren jo eta su. Musean, eskoban zein puntuan, gogor aritu ziren nor baino nor, joko bakoitzean onenak nor ziren erabaki arte. Musean txoko eta Pedro Mari nagusitu ziren; eskoban, Elena eta Alex; eta puntuan, Txoko eta Idoia. 

Kartak albo batera utzita, tokan ibiltzeari ekin zioten. Umeek zein helduek, nahi zuten guztiek izan zuten parte hartzeko aukera, baina kategoriatan banatuta aritu ziren. 14 urtetik beherakoetan, Etxahun izan zen onena; eta 14 urtetik gorakoetan, Eneko Oregi. Iaz bigarren egin zuen Oregik, eta aurten arantza ateratzeko modua izan du, garaipena lortuta. 

Toka txapelketa bukatuta, herri afaria egin zuten Ostatu Zaharrean, ez baitago indarrak berreskuratzeko modu hoberik. Eta behin sabela beteta, dantzarako aukera ederra izan zuten Toño DJarekin saioarekin.

Gaur eta bihar ere festetan murgilduta jarraituko dute Beizaman. Hona hemen bihar iluntzera arteko egitaraua, oso-osorik: 

Gaur, igandea

  • Goizean, trikitilariak.
  • 10.15. Meza. 
  • 10:30-14:30. Azoka berezia.
  • 11:00. Pilota partidak.
  • 19:00. Herri kirolak.

Bihar, astelehena, San Pedro eguna

  • Goizean, trikitilariak.
  • 12:00. Meza.
  • 14:00. Jubilatuen bazkaria.
  • 18:00. Bingo musikatua.
  • 20:30. Jaien bukaerako afaria.
  • 22:30. Su festa.

(Argazkiak: utzitakoak)

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide