Beizamako aterpetxearen kudeaketaren lehengo arduradunek urtearen hasieran utzi zuten beren lana. Ondorioz, Beizamako Udalak aterpetxerako arduradun berriak lotzeko lanari ekin zion, eskaintza lehiaketa publikora aterata. Hala, lehiaketa horretara aurkeztu zuten beren proiektua Amaia Olasolok eta Ekhiñe Mendizabalek. Apirilaren aurrenean heldu zioten aterpetxeko lanari, eta horretan dabiltza buru-belarri ordutik. Aterpetxea kudeatzeko lana pare-parean egokitutako aukera dela azaldu dute biek; izan ere, erronka berri bati ekiteaz gain, Olasolori Beizamara bizitzera joateko modua eskaini dio lan berriak.
Biak dira kanpotik Beizamara bizitzera joandakoak. Mendizabal andoaindarra da, eta orain dela lau urte joan zen Aginondo baserrira bizitzera, bi alabekin. "Interneten ikusi nuen baserri bat saltzen zegoela, hura erosita ero-eroan hara bizitzera joan nintzen", kontatu du. Damurik ez du hartutako erabakiaz, "oso pozik" bizi direlako Beizaman bera eta alabak.
Bi hilabete eta erdi da, baina, Olasolo Beizaman bizi dela. Hala ere, aurretik ezagutzen zuen herria, asteburuak han pasatzen zituelako. "Hogei urtetan Gasteizen egon naiz bizitzen. Han dena utzi, eta apirilaren 1ean etorri ginen Beizamara bizitzera alaba eta biok. Aurretik asteburuak igarotzen genituen bertan, eta igandero alaba penatan itzultzen zen Gasteizera", esan du. Beizaman bizitzen jartzeko gogoa zuen Olasolok; horretarako, ordea, itxurazko lan bat aurkitu beharra zeukan.
Lan bila ari zela, Beizamako aterpetxea kudeatzeko aukerarekin egin zuten topo. Hala kontatu du Mendizabalek: "Alabetako batek Bidania-Goiazko eskolako ikaskide bat gonbidatu zuen etxera, eta atarian haren amarekin eta gure bizilagunarekin hizketan ari ginela, Iñigok [Altuna, aterpetxearen aurreko kudeatzailea] aterpeko lana utziko zuela aipatu zuen bizilagunak. Hori entzun orduko Amaiarekin [Olasolo] gogoratu, eta berria emateko deitu nion". Segidan, udal ordezkariekin bildu ziren, aterpetxeaz erakundeak zuen asmoaz hitz egiteko. Kudeaketa lehiaketa publikora aterako zutela esan zieten. Iragarkia argitaratu ahala beren proposamena aurkeztu zuten, eta apirilaren aurrenean ekin zioten aterpetxeko lanari.
Tupustean hasi zuten aterpezain lana, aurretik hainbat eskolatako taldeekin ikasturte bukaerako egonaldiak kontratatuta zeudelako. Eskoletako egonaldien denboraldia harrapatu dute bete-betean, eta buru-belarri ari dira lanean. "Bat-batean hasi behar izan dugu aterpetxeko lanean, eta egiteko askorekin gabiltza, ezer pentsatzeko ia astirik gabe. Hasi orduko, Aste Santua egokitu zen, eta gaitzerdi; astebetean, behintzat, aisialdiko talde batek alokatuta eduki zuen aterpetxea, sukaldaria eta begiraleak haiek ekarrita. Horrenbestez, geuk aterpetxean talde bat hartu aurretik, astebete hori eduki genuen prestaketarako. Dena den, oso-oso pozik gaude", dio Olasolok.
Behin eskoletako egonaldiak bukatutakoan, aurrera begirako asmoak lantzen hasteko, esku aldaketarekin galdutako bezeroak berreskuratzeko nahiz berriak egiteko eta buruan dituzten ideiak garatzen hasteko denbora hartu nahi dute aterpezain berriek. "Aterpetxeak logela txikiak ere baditu komun propioarekin eta eskaintza hori ere landu nahi dugu, besteak beste", aurreratu du Mendizabalek.
Txikian, etxean bezala
Beizama herri txikia izan arren, baliabide ugarikoa eta aberatsa da, Olasoloren ustez: "Naturgune zoragarria du inguruan, mendian ibilaldiak egiteko. Horrez gainera, aterpetxea du, pilotalekua, txiki parkea, taberna eta jatetxea, zimitorioko aterpea...". Aterpetxekoei ere ondo etortzen zaizkie baliabide horietako asko ekintzak egiteko, eta batez ere euria egiten duen egunetan ekintzak lehorrean egiteko.
Egonaldietarako begiraleak izaten dituzte aterpetxean, baina gainontzean, aterpezainek egiten dituzten lanak era askotakoak izaten dira. "Lan asko egin arren, gauza on asko ematen duen lana ere bada aterpekoa", dio Olasolok. "Haurrak esker onekoak dira, eta askotan esaten digute: 'Janaria oso goxoa zegoen'. Orain arteko egonaldietako balorazioak positiboak izan dira, eta irakasleek proposamenak ere egin dizkigute. Aberasgarria da hori guztia", erantsi du Mendizabalek.
Herrira egokitutako ekintzak egiten dituzte aterpetxera joaten direnek. "Adin batetik aurrerako haurrekin gure baserrira, Aginondora, joaten gara baratzeko lana ezagutzera, baita etxeko animaliei jaten ematera ere. Txikienekin, berriz, herrian egiten ditugu ekintzak, letxuga landareak landatuz eta Leundaberriko astoa-eta ezagututa. Talo tailerra ere egiten dugu, arto klaseak ezagutuz, artotik irinerako eta taloa egiterainoko prozesua ikasiz. Jolasak ere egiten ditugu, Beizamako tokiak eta gaiak landuz", diote, haurrekin egiten eta lantzen dituztenak azalduz.
Haurrak herrian batera eta bestera dabiltzanean, herritarrak poztu egiten direla diote aterpezainek, eta oso eskertuta daude bizilagunekin. "Herritarrek oso jarrera ona adierazi digute, beti laguntzeko prest. Gertutasun hori edozein tokitan ez dago". Herrian bezala, aterpetxean ere "txikitasunetik" hurbileko tratua da aterpezainek eskaini nahi dutena.