Beizamako eskolak orain dela 50 urte eskaini zuen azken ikasturtea, 1975ean. Orduan itxi zuten eskola ere. Urteurren hori gogoratzeko, iganderako (irailak 7) hainbat jarduera antolatu ditu Beizamako Udalak. Ekitaldiaren barruan, herriko eskolako azken maisua izan zen Antonio Gonzalez gogoratuko dute, haren familia omenduz, "herriari eskainitako lana eta ahaleginak eskertuz". Omenaldi ekitaldiaz gainera, eskolak okupatzen zuen eremuan oroigarria jarriko dute eta herri bazkaria egingo dute Beizamako Ostatuan.
Irailean zehar zabalik izango den Gure memoriaren eskola izenburuko erakusketa ere zabalduko dute igandean, Beizamako eskolarekin zerikusia duten argazki, artxiboko dokumentu eta objektu zaharrak erakusgai jarriz.
Beizamako Udalak gogoratu du, landa inguruneko herri gehienetan bezala, 1950etik 1980ra bitartean Beizamako biztanle askok beste herri batzuetara emigratu zutela, nekazaritza eta abeltzaintza jarduerak utzita industrian lana egiteko. "Bai emigrazio horren ondorioz, baita landa ingurunerako zerbitzu gabeziaren ondorioz ere, Beizamako eskolak duela 50 urte eskaini zuen bere azken ikasturtea, eta data horretan itxi zen", azaldu du udalak.
Eskola txikia aldarri
Beizamako Udalak landa inguruneko eskola txikien garrantzia ere aldarrikatuko du igandean egingo duen ekitaldian, "eskola txikia berreskuratzeko itxaropena" adieraziz. "Egun hauetan hedabide askotan entzun eta irakurtzen ditugun mezuak dira landa ingurunearen garrantzia nabarmenduz edota landa eremuetarako itzulera aldarrikatuz. Baina landa eremua bizirik nahi badugu, ezinbestekoa da oinarrizko zerbitzuak izatea, eta, horien artean, eskola nahitaezko osagaia da", nabarmendu du udalak.
Eskola komunitate txikien "kohesiorako tresna nagusietako bat "dela adierazi du udalak: "Eskolak herriaren bizitza suspertzen du; tokiko hizkuntza, ohiturak eta tradizioak sustatzen ditu; bertako produktuen kontsumoa ahalbideratzen ditu, tokiko ekonomia indartuz; zerbitzuaren hurbiltasunak familia eta lana hobeto uztartzeko aukera ematen du, eta herritar guztien zerbitzuak eskuratzeko berdintasuna hobetzen du, besteak beste".
Eskola txikiek "balio bereziak" dituztela ere aldarrikatu du Beizamako Udalak, eta horiek aipatu ditu: "Formatu txikiko eskolak dira, ikasle gutxirekin arreta pertsonalizatuagoa izatea ahalbideratzen dute; familiekin eta komunitatearekin harremanak estuagoak izatea bideratzen dute; malgutasun pedagogikorako bidea eta esperientzia berritzaileentzako aukerak ematen dituzte, ikasle bakoitzaren autonomia eta autoikasketa sustatuz; natura eta inguruarekin lotura duten proiektuak garatzea errazten dute….". Adin desberdinetako haurren arteko bizikidetzak, hainbat balio transmititzea ahalbidetzen duela ere uste du udalak, hala nola elkartasuna, erantzukizuna, desberdintasuna ulertzea eta onartzea, eta elkarri laguntzea. Era berean, eskola txikiak haurrak landa eremuan "errotzea" indartzen duela esan du herriko erakundeak. Izan ere, Beizamako haurrek hiru urte eskas dituztela utzi behar izaten dute herria gaur egun.
Egitaraua
Irailaren 7rako Beizamako Udalak prestatu duen egitaraua honakoa da:
- 12:00. Plaka oroigarria jarriko dute eskola zenaren tokian. Plaka jartzearekin batera, eskolako azken maisua izan zen Antonio Gonzalezen familia omenduko da, eta oroigarria emango diote.
- 13:00. Gure memoriaren eskola erakusketa irekiko dute, udaletxeko batzar aretoan. Beizamako eskolako ikasleen laguntzarekin osatu dute erakusketa. Urriaren 7ra arte egongo da zabalik.
- 13:30. Orain dela 50 urteko eskolako ikasleekin argazkia errepikatuko dute, udaletxeko atarian.
- 14:00. Herri bazkaria. Beizamako Ostatu Zaharrean.