Eskualdeko beste hainbat tokitan bezala, San Pedro jaiak ospatuko dituzte Beizaman ere; eta dagoeneko ari dira horretan, eguerdian, 13:00etan, bota baitute festei hasiera eman dien suziria. Herrian azkena jaiotako umearen gurasoek izan ohi dute ohore hori, eta Sua txikiaren gurasoei egokitu zaie aurtengoan. Jarraian, Iagomagoren ikuskizunaz gozatzeko aukera izan dute herriko zein udalekuetan Beizaman dauden dozenaka haurrek, eta ondoren, bazkaria egin dute jubilatuek.
Arratsaldean, 17:00etatik aurrera, ume jolasak egingo dituzte; 19:00etan hasita patata tortilla lehiaketa dgingo dute; eta egunari bukaera Majanoren kontzertuarekin emango diote.
Gaurkoa horrekin bukatuko da, baina ez sanpedroak, igande gauera arte ez baitu etenik izango egitarauak. Hona hemen datozen orduetarako eta egunetarako prestatu duten egitaraua oso-osorik:
Gaur, ostirala
- 17:00. Ume jolasak.
- 19:00. Patata tortilla lehiaketa.
- Gauean, kontzertua: Majano.
Bihar, larunbata.
- 10:00. Mendi irteera.
- 16:30. Karta jokoen finalaurrekoa eta finala.
- 19:30. Toka txapelketa.
- 21:00. Herri afaria.
- Gauean, Donoso DJa.
Etzi, igandea.
- Goizean zehar, azoka eta trikitilariak.
- 11:00. Pilotariak.
- Jone Mendizabal - Oihan Uranga eta Iker Elorza - Xabat Goenaga.
- Hodei Baltzola - Aitor Eraso eta Xuban Arandia - Janitz Goenaga.
- Adei Lizarralde - Zuhaitz Labaka eta Paul Egiguren - Aiurdi Peñagarikano.
- 12:00. Meza.
- 19:00. Herri kirolak.
- Aizkolariak: Eneko Otaño eta Hodei Ezpeleta. Harri jasotzaileak: Olaia Esnaola eta Ane Zestan.
- 20:30. Jaien bukaerako afaria.
- Amaitzeko, su festa.