Beizamako kanporaketan lanak azkarren Otañok eta Atutxak egin dituzte

Nerea Uranga 2025ko urt. 18a, 19:51

Herri kirol txapelketetako aizkorako eta harri jasotzeko kanporaketak jokatu dituzte gaur arratsaldean Beizamako Ilaunpe pilotalekuan.

Aizkorako eta harri jasotzeko lehiak izan dira gaur arratsaldean Beizamako Illaunpe pilotalekuan, 17:30ean hasita. Jendea batu da herri kiroletako saioa ikustera.

Binakako 25. Urrezko Aizkolari Txapelketako kanporaketa saioan Eneko Otaño eta Aitzol Atutxa eta Mikel Larrañaga eta Txomin Amundarain aritu dira. Bi bikoteek hogei enbor ebaki behar izan dituzte bost izaeratan. Lanak azkarren egin dituen bikotea Otañok eta Atutxak osatutakoa izan da, 16'51 denboran bukatuta lanak. Larrañagak eta Amundarainek, berriz, 17'21 denbora behar izan dute lan guztiak osatzeko.

23 urtez azpiko aizkolarien banakako txapelketako jardunaldian Jokin Larrieta, Kimetz Oñederra Aittola, Isidro Velasco eta Joan Goikoetxea aritu dira Beizaman. Lanak azkarren Larrietak bukatu ditu, 6'09 denboran. Bigarrena Velasco (6'30) izan da, hirugarrena Goikoetxea (7'54) eta laugarrena Aittola (7'57).

Harri jasotzaileen banakako txapelketari dagokionez, Aimar Galarragak harri handietako banakako harrijasotze txapelketako saioa jokatu du, eta guztira, 3.579 kilo altxatu ditu: zazpi aldiz jaso du 175 kiloko lauki zuzena, zortzi aldiz 138 kiloko kubikoa eta hamar aldiz 125 kiloko bola.

Olaia Esnaolak banakako harrijasotze txapelketako saioa egin du, eta guztira, 2.325 kilo altxatu ditu azpeitiarrak: hamalau aldiz jaso du 63 kiloko zilindroa, 11 aldiz 63 kiloko kubikoa eta hamabost aldiz 50 kiloko bola.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide